Gizartea -
Pasaiako sutea
Donostiak 28 etxebizitza eskaini ditu, Trintxerpeko kaltedunentzat
Donostiako Udalak Txomin-Eneko eta Martuteneko bizilagunei ostatu emateko Morlansen gordeta dituen 70 etxebizitzetatik 28 ekaini dizkio Jaurlaritzari, Trintxerpeko sutearen kaltedunei uzteko.
Erredakzioa
Donostiako Udalak Txomin-Eneko eta Martuteneko bizilagunei ostatu emateko Morlansen dituen 70 etxebizitzetatik 28 eskaini dizkio Eusko Jaurlaritzari, Urteberri egunean Trintxerpen piztu den sutearen kaltedunei bidera diezazkion.
Udalak ohar batean azaldu duenez, etxebizitza horiek beste helburu bat zuten; izan ere, baliteke Txomin-Eneko eta Martuteneko zenbat bizilagunek behar izatea, Urumea ibaiaren ertzeko lanek irauten duten bitartean.
Bi erakundeek bilerak egin eta gero, baina, Udalak 28 etxebizitza jarri ditu Eusko Jaurlaritzaren esku, oraingoz premia duten Trintxerpeko suteko kaltedunei bidera diezaien. Urumearen ibarreko lanak aurrera doazen heinean beharrizanik balego, hala ere, Udalak erabili ahal izango ditu, hitzarmenaren arabera.
PSEk familia kaltedunei zergak arintzea eskatu dio Aldundiari
PSE-EEk Gipuzkoako Batzar Nagusietan duen taldeak foru dekretu bat egiteko eskatu dio Foru Aldundiari. Idatzi horren helburua suteak utzitako kalteak arintzeko neurri premiazkoak hartzea litzateke, hala nola kaltedunei zergak barkatzea edo ordainketak atzeratu edo epetan banatu.