Gizartea -
Deustuko hilketaren epaiketa
Akusatuak auzokidea hiltzeko asmo argia zuela deklaratu dute lekukoek
Akusatuak, bestalde, gertatutakoa gogoratzen ez duela esan du. Eskizofrenia paranoidea du, eta tratamendua utzita zuen.
Erredakzioa
2012ko maiatzean Bilboko Deustu auzoan izan zen hilketaren epaiketan, bigarren jardunaldia egin dute astelehen honetan, eta, lekuko guztiek bertan deklaratu dutenez, auzokidea hiltzeko "asmo argia" zuen akusatuak. Lekukoen arabera, "hil zaitez, hil zaitez", "hilko zara behingoz?", "hau al da nahi zenuena?" eta "hil egingo zaitut" esaten zuen akusatuak, biktimari etengabe labankadak ematen zizkion bitartean. Zauri horien ondorioz, hil egin zen 43 urteko emakumea.
Akusatuak ireki du gaurko saioan. Epaiketan deklaratu duenez, ez da geratutakoaz gogoratzen, Ertzaintzako polizia-etxera eraman zuten arte. Ondoren, lekukoen txanda izan da. Akusatuak auzokidea hiltzeko "asmoa argia" zuela azpimarratu dute, eta bere asmoa lortu arte erasotzen jarraitu zuela adierazi dute. Lekukoetako batek azaldu duenez, emakumea hil ondoren "harrokeriaz eta mehatxuzko jarreraz" altxatu zen akusatua.
Akusatuak tratamendua utzita zuen
Akusatuak bere deklarazioan esan du gertatutakoa kontatu ziotenean "berehala" pentsatu zuela berak hil zuela auzokidea, "arropa guztia odolez blai" zuelako.
Eskizofrenia paranoidea du gizona, baina tratamendua utzita zuen, "medikaziorik gabe ongi" egongo zela uste zuelako.
Emakumea hiltzeko erabili zuen aiztoa berea zela eta aurretik ere bizilagunekin arazoak izan zituela aitortu du epaile aurrean.