Gizartea -
Jaurlaritzaren datuak
Delikuentzia eta indarkeria matxista jaitsi dira EAEn 2013. urtean
Genero-indarkeriako delituek izandako murrizketa nabarmendu du Jaurlaritzak (3.841etik 3.733ra), behera egin duten lehen aldia baita sistematikoki zenbatzen direnetik.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko delinkuentzia murriztu egin da 2013an, aurreko urtearekin alderatuz. Guztira, 2013an 88.818 delitu eta falta izan dira Euskadin guztira (90.653 aurreko urtean); horrenbestez, % 2,03ko beherakada egon da.
Euskadiko delitu-tasa 40,53 delitu-faltakoa da egun 1.000 biztanleko, 2012an baino ia puntu bat gutxiago. Delitu eta faltak modu beretsuan murriztu dira Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban eta delitu mota guztietan, bereziki gizartean alarma gehien pizten dutenetan; indarkeria erabiliz egindako lapurretak, esaterako, milatik gora gutxiago izan dira azken urtean.
Arau-hausteak zigor moten arabera sailkatuz gero, hilketak 13 izan dira (12 izan ziren aurreko urtean), eta guztiak argitu ditu Ertzaintzak bat izan ezik.
Ondarearen aurkako delituak eta faltak, lapurretak, ebasketak eta kalteak, eta delituzko jardueraren % 70 inguru izan ohi dira. 65.152 izatetik 64.190 izatera igaro dira, eta bereziki nabarmentzekoa da indarra erabiliz egindako lapurreten % 29ko beherakada.
Lesio-delituak eta pertsonen aurkako faltak, berriz, 12.312tik 12.161ra igaro dira; droga-trafikoarekin zerikusia dutenak 306tik 259ra; orden publikoaren aurkako delituak 1.298tik 1.217ra (2009an hasitako beheranzko joerari eutsi zaio), eta alkoholemiak 1.792tik 1.532ra igaro dira.
Genero-indarkeriako delituek izandako murrizketa ere nabarmendu du Jaurlaritzak (3.841etik 3.733ra), behera egin duten lehen aldia baita sistematikoki zenbatzen direnetik.
Lurraldeei dagokienez, Arabak izan du balantzerik onena (arau-hauste penalak 13.748tik 12.813ra murriztu dira); ondoren Gipuzkoak (23.860tik 23.104ra), eta azkenik, Bizkaiak (53.045etik 52.901era).