Gizartea -
Erasmus
Erasmus beka lortzeko, B2 hizkuntza maila eskatuko du Espainiak
Erasmus Plus programan parte hartzen duten 10.000 unibertsitate-ikasleek, batez beste, hilean 350 euroko diru-laguntzak jasoko dituzte Hezkuntza Sailetik.
Erredakzioa
Espainiako Hezkuntza sailak finantzatuko duen Erasmus Plus programarako 10.000 bekak lortzeko, ikasleek B-2 hizkuntza maila eta, gutxienez, 60 kreditu gaindituta izan beharko dituzte. Halaxe adierazi du gaur Montserrat Gomendio Estatuko Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateko idazkariak.
Juan Manuel Moreno Estatuko Zerbitzu Sozialeko eta Berdintasuneko idazkariarekin eta Jordi Curell Europako Batzordeko Hezkuntza eta Kultura zuzendariordearekin batera eskaini du prentsaurrekoa gaur Gomendiok.
Hezkuntza sailak eskainiko dituen 10.000 bekek Europar Batasunak finantzatutako 30.000 bekek baino 100 euro inguru gehiago emango dizkiete ikasleei. Horretarako, ordea, aipatutako baldintza akademikoak bete beharko ditu eskatzaileak, eta atzerrian ikasiko dituen irakasgaien garrantzia kontuan hartuko da.
Gainera, arlo ezberdinen artean (Artea eta Humanitateak, Zientziak, Osasun Zientziak, Zientzia Sozial eta Juridikoak eta Arkitektura) dibertsifikazioa egon dadin nahi du Hezkuntza sailak, eta arlo bakoitzak bekadunen % 20a ordezkatzea espero du.
Gomendiok esan duenez, Erasmus berria "kalitate eta kantitate jauzi handia" da, eta EBren funtsen banaketa ezberdina izango dela azaldu du. % 75a herrialdearen biztanle kopuruaren arabera banatuko du Europar Batasunak, eta gainontzeko % 25a, aldiz, aurreko urteko mugikortasun-programa kopuruaren arabera.
2014an, Erasmus Plus programak 53,4 milioi euroko finantziazioa izango du, eta Espainiako Hezkuntza sailak Estatuko aurrekontuetan zehaztutako 18 milioi euro jarriko ditu.
Erasmus beka jasoko duten 10.000 unibertsitate-ikasleek, batez beste, hilean 350 euroko diru-laguntza izango dute. Gainera, periferian bizi direnek 650-750 euro jasoko dituzte, bidaia gastuengatik.
Aurreko programarekin baino diru gehiago jasoko dute ikasleek, Gomendioren arabera. Gainera, Master Erasmus Mundus proiektuaren berri eman du idazkariak. Horri esker, ikasleek masterrak egin ahalko dituzte bi edo hiru herrialdetan, 4.500 euroko bekarekin. Europaz kanpoko ikasleentzat, 9.000 eurora ere iritsi daiteke diru-laguntza.
Curellek azaldu duenez, Erasmus Plus programaren helburua "kalitatea hobetzea" da, ikaslearen indibidualtasunetik at, irakasleek, ikasleek eta unibertsitateek parte hartu dezaten. Horretarako, guztiek "sinatutako" akordio moduko bat ezarri beharko dute, helburu zehatz batzuk lortzeko konpromisoa adieraziz. Adibidez, hizkuntza prestatzeko aurrez denbora bat eskaini ikasleari, edota lortutako kreditu guztiak baliagarriak izango direla zehaztu.
Egonaldien iraupena gutxienez hiru hilabete eta gehienez hamabi hilabete artekoa izango da, Curellen arabera.
Bestalde, Juan Manuel Morenok gehitu du Erasmus Plus "proiektu berri eta hobetu" bat dela, eta helburua Europa "demokratikoago, justuago eta orekatuago" bat lortzea dela.