Gizartea -
Neguko Olinpiar Jokoak
Homofobiaren aurkako aldarriak nagusi, Sotxiko Jokoen inaugurazioan
Mendebaldeko hainbat agintari ez dira joango gaurko inaugurazio ekitaldira, Errusiako lege homofoboen aurkako protesta gisa.
Erredakzioa
Errusiako lege homofoboen aurkako ahotsak eta aldarriak gero eta ozenago entzuten ari dira mundu osoan, gaur Sotxin Neguko Olinpiar Jokoak inauguratzeko egingo duten ekitaldiaren atarian. Vladimir Putin presidenteak, bitartean, Errusiako Erregimenaren irudia nazioartean sustatzeko erabili nahi ditu Jokoak.
Atzo, Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko (NBE) idazkari nagusiak tregoa olinpiarra errespetatzeko deia egin zien gerran dauden herrialdeei. Su-eten olinpiarra antzinako Greziako tradizioa zen, baina berreskuratu egin zuten Bartzelonako Jokoetan (1992), eta NBEk babesa eman zion.
Homosexualek Errusian pairatzen duten jazarpena dela eta, hainbat ahotsek boikota egitea eskatu dute.
Hori dela eta, Mendebaldeko hainbat agintari ez dira joango Putinen Jokoetara; Barack Obama (AEB), Francoise Hollande (Frantzia) eta David Cameron (Erresuma Batua), besteak beste. Errusiaren aliatu nagusiak, ordea, Sotxin izango dira; Xi Jinping (Txina) eta Viktor Janukovitx (Ukraina), kasu.
Homofobia
Errusian debekatu egin dute homosexualen aldeko propaganda, eta horrek haserrea ekarri du mundu osoan.
Nazioarteko Olinpiar Batzordean (IOC) egindako hitzaldi batean, Ban Ki-moonek gaitzetsi egin du homosexualak bereiztea, eta Jokoetan erasorik bada, salatzeko deia egin du.
"Homosexualen, bisexualen, transexualen edo intersexualen aurkako erasoak salatu egin behar ditugu. Atxiloketen, kartzelatzeen eta eskubide murrizketen aurka egin behar dugu", ohartarazi du.
Google bilatzaileak keinua egin die homosexualei, Sotxiko Jokoen inaugurazioaren harira
IOCeko presidenteak, Thomas Bach alemaniarrak, kirola "errespetuaren eta bereizketaren aurkakoa" dela gaineratu du.
Hainbat kirolari homosexualek beldurra agertu dute, Errusian jaso dezaketen tratua dela eta. Beste asko homosexualei babesa agertzeko keinuren bat egiteko prest agertu dira.
Horren aurrean, Gutun Olinpiarrak kirol ekitaldietan adierazpen politikoak egitea debekatzen duela gogorarazi du Errusiako Gobernuak.
Joko garestienak
Errusiak asko du jokoan Sotxin, eta, horregatik, 50.000 milioi dolar inbertitu ditu, hau da, aurreikusitakoa baino lau aldiz gehiago. Inoizko Olinpiar Joko garestienak izango dira. Hona adibide batzuk: Vancouverreko Neguko Jokoek 8.300 milioi dolarreko kostua izan zuten, eta Pekingo Udakoek 42.000 milioikoa.
Kaukasoko gerrillek mehatxu zuzena egin diete Jokoei, eta, atentatuen beldur, agintariek dozenaka mila polizia hedatu dituzte Sotxin, eta, horiez gain, gerraontziak, droiak eta aire-defentsak baliatuko dituzte.
Orotara 88 herrialdetako 6.000 kirolari lehiatuko dira Neguko Olinpiar Jokoetan. Euskal ordezkariak Paul de la Cuesta (eski alpinoa), Imanol Rojo (iraupen-eskia) eta Lucas Egibar (snowboardcrossa) dira.