Gizartea -

Trebiñuko gertaera

Osakidetza: 'Anbulantzia bidalita ere ez genukeen heriotza saihestuko'

Jon Darpon Osasun sailburuak esan du Trebiñuko hiru urteko umearen heriotza ez zela "koordinazio faltagatik" gertatu.

Jon Darpon

Bat-bateko shock septikoak jota hil zen Argantzungo haurra

IKER GOMEZ / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azpimarratu du Trebiñuko hiru urteko neskatoaren heriotza ez zela "elkartasun edota koordinazio faltagatik" gertatu eta kontrakoa "ezin duela inork defendatu" nabarmendu du. "Gaixotasun arrunt batek okerrera egin eta horrek heriotza eragin zion neskatoari", adierazi du Osasun sailburuak.

Bestalde, Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendariak azpimarratu du Trebiñura anbulantzia ez bidaltzea Jaurlaritzaren larrialdi zerbitzuko medikuaren balorazio "desegoki baten" ondorioz gertatu zela. Hala ere, Jaurlaritzak egindako ikerketaren arabera, anbulantzia bat bidalita ere, ez zuketen neskatoaren heriotza saihestuko.

Anne Ganuza Trebiñuko hiru urteko neskatoaren heriotzaren nondik norakoak azaldu ditu Darponek Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean. Umea martxoaren 16an hil zen, Gasteizko Txagorritxu ospitalean, barizela baten ondorioz.

Txagorritxuko ospitalean hildako hiru urteko neskatoaren familiak Osakidetza salatu zuen, anbulantzia eskatu eta bidali ez zietela argudiatuta; izan ere, gurasoen arabera, Mirandako (Burgos) anbulantzia eskatu behar zutela esan zieten Osakidetzatik, Argantzunen bizi direlako, Trebiñun.

Darponen hitzetan, Euskadik eta Gaztela eta Leonek 2012. urtean sinatu zuten elkarlanerako hitzarmenak emaitza "onak" eman ditu beti eta Trebiñuko herritarrek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatearen maila "erkidego horietako gainerako pertsonek jasotzen dutenaren berdina" dela goraipatu du.

Azaldu duenez, neskatoaren etxera anbulantzia ez bidaltzea medikuak hartu zuen, "ez zuelako beharrezkotzat jo".

'Erabaki okerra'

Horren arian, neskatoa bakterio-jatorriko "shock septiko" baten ondorioz hil zela azaldu du Osakidetzako zuzendariak.

Bestalde, anbulantzia ez bidaltzea eta Trebiñuko medikua etxera joatea eskatu zuen Jaurlaritzako larrialdi zerbitzuetako medikuari zigor espedientea irekiko dio Osakidetzak, Etxebarriaren hitzetan.

Erabakia "okerra" izan zela berretsi du Osakidetzako zuzendariak baina, gogoratu duenez, eta Jaurlaritzaren ikerketaren arabera, anbulantzia bidalita ere ez zuketen neskatoaren heriotza saihestuko.

Efe albiste agentziak jakin ahal izan duenez, Argantzungo neskatoaren familiak Gasteizko eta Trebiñuko medikuen aurka salaketa bat aurkeztu du dagoeneko.

Osakidetza barruan egindako ikerketaren arduradunak Jaurlaritzako 112ko medikuari zigor espedientea irekitzea proposatu du.

Telefono deiaren transkripzioa

Legebiltzarreko taldeek eskatuta, Osakidetzako zuzendariak neskatoaren amak larrialdi zerbitzuetara egindako deiaren transkripzioa irakurri du. Umea “hilzorian” zegoela eta begirada “galduta” zeukala ohartarazi zion amak medikuari. Eskuak oso hotz zeuzkala eta “ulertezinak” ziren hitzak errepikatu egiten zituela ere esan zion.

Bestalde, Osakidetzaren arabera, Txagorritxuko Ospitalean eman zioten zerbitzua “zuzena” izan zela adierazi du Etxebarriak.

Izan ere, umea “ordu gutxitan ager daitekeen” shock septiko baten eraginez hil zela gogoratu du. “Zoritzarrez, ezin da aurreikusi”, gaineratu du.

Salaketa jarri du familiak

Anne Ganuzaren senideek, bestalde, salaketa jarri dute dagoeneko EAEko eta Gaztela eta Leongo osasun zerbitzuen aurka, “zuhurtzigabekeria larria” leporatuta”.

Gasteizko 4. Auzitegian jarri dute salaketa eta Roberto Ramos epailea izango da ikerketa egiteko arduraduna.

Osakidetzako Larrialdi Zerbitzuko medikuari “ustezko zuhurtzigabekeria larria” egitea leporatu dio familiaren abokatuak.

Delitu hori ere Arabako Ospitaleko Larrialdiko langileek eta Gaztela Leongo Osasun zerbitzuek egin zuten ikertzea eskatu du familiak. Neskatoa artatu zuten aipatu osasun zerbitzuek.

Arartekoak, bestalde, neskatoak jaso zuen arreta ikertzeko ofiziozko espediente bat irekiko duela iragarri du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza berriak Eusko Jaurlaritza albisteak Gizartea Gasteiz berriak Osasunari buruzko albisteak Nerabezaroa albisteak Txagorritxu Ospitalea albisteak