Gizartea -
Gatazka
Sirian sei hilabetez bahituta izan diren bi kazetari askatu dituzte
Javier Espinosa eta Ricardo Garcia Turkiara igarotzeko mugan zeudela bahitu zituzten. Madrilera heldu dira dagoeneko, Turkiatik abiatutako Aireko Indarren hegazkin batean.
Erredakzioa
Javier Espinosa kazetaria eta Ricardo Garcia Vilanoba argazkilaria onik daude eta Madrilgo Torrejon de Ardozeko Basera arratsalde honetan helduko dira, Sirian sei hilabete baino gehiago bahituta egon eta gero, Defentsa Ministeriotik zabaldu dutenez.
El Mundo egunkariaren arabera, atzo, (larunbata) 21:20ean, Javier Espinosak erredakzioko telefonora deitu zuen Turkiatik, aske utzi zituztela esateko, zenbait soldadu turkiarrek Siriako mugan hartu eta aireportura eraman ostean.
Espinosa eta Garcia Vilanoba 2013ko iraliaren 16an bahitu zituen Irak eta Sortaldeko Estatu Islamiarrak, Tel Abyaden, Ragga probintzian, Turkiara igarotzeko mugara zihoazenean.
Abenduaren 10era arte ez zuten bahiketaren berri eman, senideek hala eskatu zutelako.
Etxean dagoeneko
Bi kazetariak 16:30 jotzear zirenean heldu dira Madrilera, bertan senideak, Soraya Saez de Santamaria Gobernuko presidenteordea eta Felix Sanz Roldan CNIko jenerala zain zituztela.
Turkiatik abiatutako Aireko Indarren Falcon 900 hegazkin batean heldu dira biak Torrejon de Ardozera.
Pistan itxaroan zeuden senideek harrera beroa egin diete Espinosari eta Garcia Vilanonari. Torrejonen, Casimiro Garcia-Abadillo El Mundoko zuzendaria, Pedro J. Ramirez egunkariaren zuzendari ohia eta Antonio Fernandez Galiano Unidad Editorialeko presidentea ere izan dira.