Gizartea -
Lan istripua
Q sukarraren ondorioz itxitako fabrikako langile bat zauritu egin da
Ebaki sakon bat jasan du Arraiz mendian dagoen eta asteazkenean itxi zuten Bilboko zaborren Tratamendu Mekaniko Biologikoaren fabrikan zebilen bitartean.
Erredakzioa
Q sukarra epidemiaren agerraldiaren ondorioz itxita behar zuen Arraiz mendian dagoen Bilboko zaborren tratamendu mekaniko biologikoko fabrikako langile bat zauritu egin da. ELA sindikatuak jakinarazi du gertakaria.
Bilboko udaltzaingoak 13:28etan fabrika horretako langile batek lan istripu bat izan duela zioen abisua jaso du. Osakidetzako eta Bilboko Udaletxeko anbulantziak bidali dituzte zauritua sendatzeko.
Istripua jaso den lantegia itxita dago joan den asteazkenetik Q sukarraren epidemia agerraldi baten ondorioz. Animali jatorria du epidemia honek eta momentuz zortzi langileri eragin dio.
Kritikak
"Erantzukizunak argitzea" eskatuko duela iragarri du EH Bilduk, Bizkaiko Aldundiaren jarrera "arduragabea eta kezkagarria" izan delako.
"Langileek fabrikan zergatik jarraitzen duten, garbiketa lanak zergatik egiten dituzte, horretarako prestakuntzarik ez dutenean, eta istripu larria zergatik gertatu den" azaltzeko eskatuko dio EH Bilduk Iosu Madariaga Bizkaiko Ingurugiro diputatuari.
Gaur lantegian gertatutako ezbeharra eta Q sukarraren agerraldia "hanka-sartzeen eta erabaki okerren" ondorio direla kritikatu du PSEk.
Lan-istripuaren eta sindikatuek egindako salaketen ostean azalpenak "sekula baino beharrezkoagoak" direla ziurtatu du Iñaki Egaña PSEko bozeramaileak.