Gizartea -
Foru laguntza
Arabako Aldundiak 444.000 euro bideratuko ditu elbarriei laguntzeko
Diru-laguntzak jasotzeko eskariak aurkezteko epea irailaren 19an bukatuko da.
Erredakzioa
Arabako Foru Aldundiak ezintasuna onartuta duten pertsonei banakako laguntzak emateko deialdi publikoa onartu du. Aurten 444.000 euro bideratuko ditu horretara.
Arabako Foru Aldundiak prentsa-ohar baten bidez jakitera eman duenez, horien bizi-kalitatea hobetu eta autonomia pertsonala erraztea da laguntza hauen helburua, ezintasun horiek direla eta dituzten gastuei aurre egiten lagunduz.
Etxebizitzan irisgarritasuna hobetu, etxeko jarduerak egiten laguntzeko eta garbitzeko produktuak eskuratu, eta bere burua zaindu eta babesteko eskatu ahalko dituzte laguntzak.
Halaber, ikusten eta entzuten laguntzeko produktuak, gurpil aulkiak eta ohe artikulatuak erosteko eta ibilgailuak egokitzeko ere eskatu ahalko dira laguntzak.
Deialdi honetan, laguntza espezializatua (arreta goiztiarra, esaterako) izateko laguntzak ere jaso dituzte, Osakidetzak bere gain hartzen ez dituen tratamenduak eta horiek jasotzeko joan-etorrien gastuak ordaintzeko.
Laguntzak jasotzeko eskaria aurkezteko epea irailaren 19an itxiko dute.
Aldundiak aurreko urteetan ere eman izan dizkie laguntzak ezintasunen bat onartuta duten pertsonei. Iaz, guztira, 198 laguntza eman zituen.