Gizartea -
UNESCOren erabakia
Jaurlaritzak bilera bat eskatu dio Gesaltza Añanako patronatuari
Helburua UNESCOko ebaluatzaileek gatz haranari buruz egindako txostena aztertzea da. Izan ere, munduko ondare izendatzeari uko egin dio UNESCOk.
Erredakzioa
Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak ezohiko bilera bat egiteko eskatu dio Gesaltza Añana Fundazioko patronatuari. Bilera horretan, UNESCOko ebaluatzaileek gatz haranari buruz egindako txostena aztertzea da. Izan ere, Gesaltza Añana munduko ondare izendatzeari uko egin dio UNESCOk.
Oregik gaur goizean eskutitza bidali dio patronatuko presidenteari, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiari, ezohiko bilera bat deitu dezan eskatzeko.
Bileraren helburuak UNESCOko ebaluatzaileek gatz haranari buruz egin duten txostena aztertzea eta aurrerantzean eman beharreko pausoak mahai gainean jartzea izango dira. Gesaltza Añana Fundazioko patronatua Eusko Jaurlaritzak, Arabako Diputazioak, Gesaltza Añanako Udalak eta Salineros Gatzagak Elkarteak osatzen dute.
UNESCOko ebaluatzaileek kontrako txostena egin badute ere, etorkizunean Gesaltza Añana munduko ondare izendatzeko aukera ez dute baztertu.
EH Bilduk azalpenak eskatu dizkie De Andresi eta Lamaraini
EH Bilduk azalpenak eskatu dizkie Javier De Andres Arabako ahaldun nagusiari eta Iciar Lamarain Euskara, Kirol eta Kultura diputatuari UNESCOren erabakiaren harira.
Ohar batean, Kultura Batzordearen aurrean azalpenak emateko eskatu die EH Bilduk.
Lorena Lopez de Lacalle EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramailearen iritziz, "aurrekontuetan egindako murrizketa gogorren ondorioz, ezin izan da bete hasiera batean planteatutako egitasmoa".