Gizartea -
Bartzelona
Bartzelonako alkateak ez du baztertzen Can Viesen eraistea etetea
Laugarren egunez jarraian istiluak piztu dira, eta Mossoek gutxienez 23 lagun atxilotu dituzte bart.
Erredakzioa
Xavier Trias Bartzelonako alkateak ostegun honetan esan du Can Vies eraikinaren eraistea gelditzeko prest dagoela, ''akordioa lortzeko baldintza baldin bada''.
TV3 telebista katean egin dituen adierazpenetan, alkateak adierazi du prest dela Can Vieseko arduradunei espazio berria eta eraikina eraisteko lanak eteteko, negoziazioek irauten duten bitartean. Bitartean, Mossoek 23 persona atxilotu dituzte bart, istiluak izan diren laugarren gauean.
Triasek aitortu egin du Udalak eta Sants auzoko bizilagunen elkarteak ostegun honetan egindako bilera ''aurrerapauso garrantzitsua'' izan dela gatazka desblokeatzeko.
Sants auzoko bizilagunen elkarteak Bartzelonako udalari proposatu dio Can Vies erakinaren eraistea etetea, elkarrizketarako keinu gisa. Proposamena ostegun honetan egindako bileran helarazi diote barrutiko zinegotziari.
Izan ere, Sants auzoko bizilagunen elkarteak bilera deitu du Udalarekin eta Can Vieseko ordezkariekin. Can Vieseko kideak, ordea, ez dira hitzorduan izan, auzokideen proposamena asanbladan eztabaidatzen egon baitira. Batzarrean izan dira, ordea, Bartzelonako Udaleko Sants-Montjuïc barrutiko zinegotzia eta Bartzelonako auzokideen elkarteetako federazioaren ordezkariak. Asmoa eraikina hustu eta eraitsi ostean piztutako gatazka eta istiluen aurrean irtenbidea lortzea da.
Sants auzoko merkatarien elkarteak kaleetan jasaten ari diren ''biolentzia'' gelditzea eskatu du, eta irtenbidea aurkitzeko deia egin du.
Istiluak laugarren egunez jarraian
Joan den astelehenean hustu zuten Can Vies eta, ordutik, gauero piztu dira istiluak. Ostegun honetan, 23:00etan hasi dira liskarrak, gaur gauerako deitutako kazeroladaren ostean. Zehazki, Can Viesi eta aurreko hiru egunetan atxilotutako lagunei babesa emateko deitu dute protesta, eta ehunka lagun bildu dira. Mossoek 23 bat lagun atxilotu dituzte.
Kazerolada bukatuta, hainbat pertsona Polizia-etxerantz abiatu dira, baina manifestazio hori disolbatu egin dute. Ondoren piztu dira istiluak eta hainbat kaputxadunek barrikadak jarri dituzte. Erakusleihoak, paperontziak eta markesinak ere hautsi dituzte.
Atxilotuak
Asteazken gauean 30 bat lagun atxilotu zituzten, eta horietatik 12 gaur bertan geratuko dira aske; gainerako 18ak, berriz, Polizia-etxean igaroko dute gaua, eta bihar agertuko dira epaile aurrean. Esquadra Mossoek baieztatu dutenez, lehen lau atxilotuak aske geratu dira. Horien artean bi adingabe zeuden, eta baita gaixotasun neurologikoa duen beste gazte bat.
30 atxilotuen abokatuek salatu dutenez, Esquadra Mossoek atxilotuak kolpatu zituzten kargetan eta atxiloketetan. Les Cortes Polizia-Etxean izan dira gaur abokatuak, eta bertan bildu dira 100 bat pertsona, atxiloketak eta mossoen jarrera salatzeko.
SEM larrialdietarako zerbitzuen arabera, 14 lagun artatu zituzten asteazken gauean, horietatik 10 mossoak. Ez da egon zauritu larririk.
Poliziak laguntza eskaini die Esquadra Mossei
Ignacio Cosido Espainiako Polizi Nazionaleko zuzendariak laguntza eskaini die ostegun honetan Esquadra Mossei. Cosidok adierazi du Generalitateko Gobernuarena dela eskumen hori, baina ''edozein laguntza'' emateko prest azaldu da.