Gizartea -
Can Vies
Istiluak berriro bart Bartzelonan, eta sei lagun atxilotu dituzte
Esquadra mossoek 225 pertsona identifikatu dituzte. Bestalde, elkarrizketa amaitutzat jo du Bartzelonako Udalak, eta liskarretan eragindako kalteak 200.000 eurokoak izan direla salatu du.
Erredakzioa
Esquadra mossoek eta Udaltzaingoak sei pertsona atxilotu dituzte bart, Bartzelonan. Era berean, 225 lagun identifikatu dituzte; izan ere, istiluak errepikatu dira. Sants auzoko Can Vies zentro sozialaren kolektiboari elkartasuna adierazteko, manifestazioa egin dute hiriburuan.
Esquadra mossoen iturrien arabera, manifestariek edukiontziei su eman diete berriro. Gainera, ibilgailu bat kiskali dute.
Gauerdian, mossoek 225 manifestari atxiki dituzte Bartzelonako Gran Vian. Poliziak banan-banan identifikatu nahi zituen.
Esquadra mossoen dozenaka furgonetek 225 manifestariak inguratu dituzte, eta Gran Via hesitu dute Calabria eta Rocafort kaleen artean, gainerako manifestariek aske uzteko eskatzen zuten bitartean.
Atxiki dituzten pertsona gehienak aske geratu dira, identifikatu eta gero.
Zaborrontziak sutan, Bartzelonan. Argazkia: EFE
200.000 euro
Bestalde, elkarrizketa amaitutzat jo du Joaquim Forn Bartzelonako alkateordeak, eta liskarretan eragindako kalteak 200.000 eurokoak izan direla salatu du.
Fornek prentsaurrekoa eman du. Iragan goizaldean 38 zaborrontzi eta 12 ibilgailu erre dituztela esan du, eta Bicing geltoki batek kalteak izan dituela gaineratu du.
"Can Viesen norbaitek hitz egin nahi badu, atera eta aurpegia eman dezala, benetako pausoa eman dezala, denbora agortzen ari delako", adierazi du.