Gizartea -

Gertakizuna

Udaltzain batek gurasoak hil eta bere buruaz beste egin du Barakaldon

Ustezko hiltzaileak Bilboko Udaltzaingoan egiten zuen lan, eta, antza denez, laneko arma erabili du gurasoak hiltzeko.

Argazkia: EFE.
Argazkia: EFE.
Barakaldotarrak atzo gertatutakoa sinetsi ezinik dabiltza

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Berrogeita hamaika urteko Bilboko udaltzain batek gurasoak (79 eta 80 urtekoak) hil ditu Barakaldon, eta ondoren bere buruaz beste egin du. Hori da Ertzaintzaren hipotesi nagusia, gertatutakoan beste norbaitek parte hartu izana baztertu baitu.

Ertzaintzak igande arratsaldean, 18:00etan, jaso du krimenaren berri, baina oraindik ez dago argi noiz gertatu den. Aldez aurretik, hildakoen senide batek Poliziari deitu dio, horiekin hitz egitea lortu ezinik zegoela ikusita.

Deia jaso ondoren, patruila bat adinekoen etxebizitzara bertaratu da, La Bondad kalera, eta barrukoek erantzuten ez zutenez, suhiltzaile bat leihotik sartu da. Agenteek hiru gorpuak topatu dituzte barruan, eta indarkeria zantzuak atzeman dituzte.

Bilboko Udalak baieztatu egin du ustezko hiltzailea udaltzaina zela Bizkaiko hiriburuan, eta gertatutakoaren aurrean "nahigabetuta" agertu dira.

Etxebizitzara hainbat pertsona joan dira, Ibon Areso eta Alfonso Garcia Bilboko eta Barakaldoko alkateak, besteak beste.

"Tragedia ulertezina"

Garciaren esanetan, gertatutakoa "tragedia ulertezina" da, ustezko hiltzailea "profesional ona" baitzen.

Garciak berretsi egin du hipotesi nagusia: 51 urteko agenteak gurasoak tirokatu dituela La Bondad kaleko 12. zenbakian. Seme bakarra izanda, gurasoak "asko zaintzen" zituen, Garciak azaldu duenez.

Agentearen emakumea izan zen abisua eman ziona Ertzaintzari, senarrarekin hitz egiten saiatu ostean. Biek seme bat zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko azken albisteak Barakaldo albisteak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Gurasoak albisteak