Gizartea -

Hitzarmena

Euskadi eta Eskozia elkarlanean arituko dira osasun politikak egiteko

Jon Darpon Osasun sailburua eta Iñigo Pombo sailburuordea Eskozian bildu dira Alex Neilekin bertako Osasun eta Ongizate ministroarekin, lankidetza-esparru berriak aurkitzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jon Darpon Osasun sailburua eta Iñigo Pombo Gizarte Politiketako sailburuordea Eskozian bildu dira Alex Neilekin bertako Osasun eta Ongizate ministroarekin, lankidetza-esparru berriak aurkitzeko. Bilera esperientziak partekatzeko, harremanak sendotzeko eta lankidetza-esparru berriak aurkitzeko egin dute, osasuneko eta arlo soziosanitarioko politikak garatzeko xedearekin.

Eskozian, euskal ordezkaritza Osasun eta Ongizate ministroarekin bildu da, homologo eskoziarrekin esperientziak partekatzeko. Besteak beste, integrazioarekin zerikusia duten lege-alderdiak, alderdi instrumentalak eta operazionalak, erizaintza erkidea eta lehen arreta, osasun elektronikoa, zaintza soziosanitarioko emaitzen adierazleak, kronikotasuna, zahartze aktibo eta osasuntsurako plana eta osasuna baldintzatzen duten errealitateei eta aldaketa sozialei aurre egiteko Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Ildo Estrategikoak izan dituzte hizpide.

Era berean, bilerak egin dituzte John Matheson Eskoziako Gobernuko Osasun Finantza, Farmazia eta Osasun Elektronikoko zuzendariarekin, George Crookse NHS 24 telemedikuntza-zerbitzuko zuzendari medikuarekin, osasun-integraziorako lantaldeko kideekin, integrazio, kalitate eta hobekuntza-planak ezartzeko arduradunekin, erizaintza erkidearen ordezkariekin, NHS Highlanden zuzendari exekutiboarekin eta Eskoziako Osasun Elektronikoaren Estrategia eta Politikako zuzendariarekin.

Justene Ewing Osasun Digitaleko Institutuko zuzendari exekutiboarekin ere bildu dira, bertan egiten diren osasun eta gizarte zerbitzuetako proiektuen berri jasotzeko. Helburua etorkizunean lankidetzan jardutea denez, Eskoziako Medikuntza Estratifikatuko Berrikuntza Zentroa ere bisitatu dute.

Jon Darponek nabarmendu duenez, "bisitaldi honen alderik onena da Eskoziaren eta Euskadiren artean lankidetza-esparru berriak sortu direla, eta, hala, aurrerantzean elkarrekin egingo dugu lan osasuneko eta arlo soziosanitarioko proiektuak eta ekimenak garatzen".

Eskozia eta Euskadi elkarrekin lanean ari dira Europako esparru askotan, bai ikerkuntza eta berrikuntza-proiektuetan, bai Zahartze Aktibo eta Osasuntsuko Berrikuntzarako Europako Elkartean, bi herrialdeak Erreferentziako Gune baitira. Gainera, Teknologiako eta Berrikuntzako Europako Institutuaren lehiaketara aurkeztutako LifeKIC partzuergoaren kide sortzaile dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea