Gizartea -
Hizkuntza politika
Jaurlaritzak 168 ekintza egingo ditu euskara bultzatzeko helburuarekin
Uriartek Euskararen Agenda Estrategikoa aurkeztu du; "Jaurlaritzaren sailek barne hartzen dituen ekimena da", hortaz, "erronka bat eta aukera bat".
Erredakzioa
Cristina Uriarte Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak Euskararen Agenda Estrategikoa aurkeztu du, Jaurlaritzaren 14 plan estrategikoetako bat. Horrela, Urkulluren Gobernu-taldeko sail guztien artean 168 ekintza egingo dituzte, euskarari bultzada bat emateko asmoz.
Uriartek prentsaurreko bat eman du Eskararen Agenda Estrategikoa aurkezteko eta, nabarmendu duenez, legealdi honetako 14 plan estrategikoetako bat izango da.
Bertan, Eusko Jaurlaritzak "euskarari bultzada berri bat emateko asmoz" egingo dituen ekintza nagusiak jaso dituzte, "denon artean egin beharreko lana delako".
Plan honetan, hiru ekimen eta bultzada jaso dituzte, besteak beste, Euskara'21 ekimena eta Euskararen Erabilerarako Sustapen Plan Nagusia, horiek baitira "aipagarrienak, Jaurlaritzarekin programarekin batera".
Planaren "egitekoa Jaurlaritzaren ekimen eta ekintza nagusiak jasotzea izan behar litzateke, alegia, hiru helburu dituzten ekintzek: euskararen ezagutza zabaltzea gizartean; behin ezagututa erabilera handitzea eta euskararen kalitatea hobetzea", esan du Uriartek, zentzu horretan, "bidea egiteke" baitago.
Horrela, Jaurlaritzak euskara "hobetu eta hobetzen jarraitu" nahi du, "zenbait arlotan neurtu ahal izango diren aurrerapausoak emanez". Agenda, ziurtatu duenez, "Jaurlaritzaren sail guztiak barne hartzen" dituen ekimena da eta, hortaz, "erronka eta aukera bat da".
Cristina Uriarteren esanetan, ekintzak eragile sozialekin batera sustatuko dituzte. Jaurlaritzaren "helburuak asko" direla nabarmendu eta 13 lan-ildo adostu dituztela zehaztu du, 168 ekintzetan.