Gizartea -

Hilketa

26 urteko kartzela zigorra, Hernanin bikotekide ohia hiltzeagatik

Gizonezkoak neskalagun ohia hil eta haren alaba zauritu zituen 2011ko uztailean Hernanin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko Lehen Sekzioak hilketagatik 17 urte eta erdiko espetxe zigorra eta hilketa saiakera eta zauriengatik beste bederatzi urteko zigorra ezarri dio gizonezko bati, 2011ko uztailean Hernanin bikotekide ohia hil eta haren alaba zauritzeagatik.

Pasatu den ekainaren 12ko data daraman epaian, 17 urteko zigorra ezarri zaio akusatuari, hilketa delitu bategatik. Oraindik kasazio helegitea jar dezake Auzitegi Gorenean.

Gainera, zazpi urteko kartzela zigorra jarri diote hilketa saiakeragatik, eta beste bi urteko zigorra "instrumentu arriskutsua" erabiliz zauriak eragiteagatik. Horretaz gain, ezingo du hildako emakumearen alabarengandik 500 metro baino gertuago egon, ezta 20 urtean Hernanira joan ere.

Kalte-ordainak ere jarri beharko ditu kondenatuak. Bikotekide ohiaren alabari 120.000 euro eman beharko dizkio kalte moralengatik, 9.300 zauriengatik eta 27.746 ondorioengatik. Gainera, emakumeei laguntzera joan eta zauritu zituen bi gizonezkoetako bati 9.000 eurotik gorako kalte-ordaina eman beharko dio zauriengatik.

Hilketa 2011ko uztailaren 3an gertatu zen, goizaldeko bostak aldera. Hernanin, emakume bat eta haren alaba lagun baten etxera zihoazen eta, bidean, akusatuarekin egin zuten topo, jarleku batean lotan zegoela. Hura esnatu eta lotara etxera joateko esan zioten.

Laguna bisitatu ostean, taxi bat hartzera joan ziren ama eta alaba, eta orduan, akusatuak, "bien bizitza kaltetu asmoz", haiengana gerturatu zen, aizto bat hartuta, eta emakumeari labankadak eman zizkion, "ustekabean eta modu sutsuan".

Bi gizonezko emakumeei laguntzera joan ziren, eta erasotzaileari labana kentzen saiatzean, akusatuak zauritu egin zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Hernani argazkiak