Gizartea -
Nafarroa
Espeleologo bat erreskatatu dute Larrako leize batean
Biktima 260 bat metroko sakoneran zegoen. Espeleologoak aldakan min hartu du eta horrek erreskatean laguntzea eragotzi dio. Bart izan zuen istripua, 00:00ak eta 04:00ak artean, pasabide estu batean.
Erredakzioa
BU-56 konplexuko leize batean, Larran, istripua izan duen espeleologo bat erreskatatu du Guardia Zibileko Mendi Erreskate Taldeak (GREIM). Biktima 260 bat metroko sakoneran zegoen.
Nafarroako Larrialdi Agentziak 44 urteko espeleologoaren erreskatea koordinatu du. Aldakan lesioa zuen eta horrek erreskatean laguntzea eragotzi dio espeleologoari berari.
Biktima "egoera onean" heldu da gainazalera, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Erreskate luzea
13:00ak aldera, gizonezkoa 180 eta 120 arteko sakoneran zegoen.
Espeleologoen taldeko kideek emandako informazioaren arabera, gizonezkoak bart izan du istripua, 00:00ak eta 04:00ak artean, leizeko pasabide estu batean.
Kideek lagundu diote, baina hanka-hezurrean mina hartu du. Egoera horren haurrean, espeleologo bat kanpora irten da, Nafarroako Larrialdietako Agentziari eta espedizio taldeko medikuei laguntza eskatzera.