Gizartea -
Aldarrikapen instituzionala
Sexu-erasorik gabeko festak aldarrikatu dituzte Bilbok eta Donostiak
Aste Nagusian "errespetua" nagusi izatea eskatu du Bizkaiko hiriburuko Udalak. Era berean, "erasorik gabeko" jaiak aldarrikatu ditu Donostiako Udalak.
Erredakzioa
"Errespetuan" oinarritutako eta "sexu-erasorik gabeko" Aste Nagusia eskatu du gaur Bilboko Udalak. Era berean, "erasorik gabeko" jaiak aldarrikatu ditu Naiara Sampedro Donostiako Udalaren Berdintasun zinegotziak.
Jaietan etxeko lanen banaketa sustatzeko kanpaina baten berri eman du Sampedrok. Gipuzkoako hiriburuan emandako prentsaurrekoan, Sampedrok ekimenaren leloa azaldu du: 'Erantzukidetasuna erantzukizuna da'. Uxue Alberdi eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek lagundu dute.
Guztiek "berdintasunean" festetaz gozatzeko etxeko lanen banaketa "orekatu" bat aldarrikatu du Sampedrok.
Bilboko Aste Nagusia
Bestalde, "Ez beti da ez; behin eta berriz saiatzea eraso egitea da. Estutzea eraso egitea da", lelopean kanpaina egingo du Bilboko Udalak, konpartsen eta beste kolaboratzaile batzuen laguntzarekin. Honenbestez, Aste Nagusian sexu-erasoak saihesteko kanpaina izango da. Jaiak abuztuaren 16an hasi eta 24an bukatuko dira.
Itziar Urtasun Festen zinegotziak eta Oihane Agirregoitia Berdintasun zinegotziak kanpaina aurkeztu dute gaur, Bilboko Areatzan. Izaskun Madariaga konpartsen ordezkariak aurkezpenean parte hartu du.
Errespetuan eta berdintasunean oinarritutako festak aldarrikatu dituzte Urtasunek eta Agirregoitiak. Horregatik, "sexu-erasorik gabeko" jaiak eskatu dituzte. "Jarrera sexistak ez onartzeko", eskatu diete herritarrei.
Merkatari eta ostalarien sei elkartek (600 denda eta 241 taberna) parte hartuko dute kanpainan, konpartsekin eta Udalarekin batera. Lokaletan kartelak jarriko dituzte, eta baita 600.000 ahozapi banatu ere.