Gizartea -
Araba
Aurkitu dute Uribarriko urtegian desagertutako gizonaren gorpua
Zuhatzako uhartetik gertu topatu dute 40 urteko gasteiztarraren gorpua. Joan den larunbatean desagertu zen, belaontzi batetik Uribarri Ganboako urtegira erorita.
Erredakzioa
Gaur, larunbata, duela astebete Uribarri Ganboako urtegian desagertu zen gizonezkoaren gorpua aurkitu dute goizean, Zuhatzako uhartetik gertu, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
40 urteko gasteiztarra zen desagertutako gizonezkoa. Joan den larunbatean, arratsaldeko 18:00ak inguruan, gertatu zen ezbeharra; urtegian belaontzi batean zebilela, uretara erori zen. Berarekin zihoazen lagunek berehala eman zuten abisua, eta, ordutik, bilaketa lanetan aritu dira Ertzaintzako urpekariak.
Bilaketa lanak bertan behera utzi dituzte bart, eta gaur goizeko lehenengo orduan ekin diete berriz ere. Zuhatzako uharteko arduradunak eman du abisua, 09:00ak aldera, uhartearen iparraldean gorpu bat uretan ikusi ostean.
Antza denez, hilotza gauean azaleratu da ur gainera. 10:15ean epaileak gorpua jasotzeko zain zeuden.
Bilaketa lanetan, Ertzaintzako urpekariek, Gasteizko eta Diputazioko suhiltzaileek eta zenbait boluntariok parte hartu dute.