Gizartea -

Araba

Hegazti-botulismo agerraldi posible bat, Arriagan eta Salburuan

Arriagako urmaelean 20 bat ahate hilda aurkitu dituzte, eta beste hainbeste Salburuko istingan. Arabako Foru Aldundiaren teknikariek ohiko protokoloa martxan jarri dute.

Salburuko istinga, Gasteiz. Artxiboko irudia: EiTB
Salburuko istinga, Gasteiz. Artxiboko irudia: EiTB
Salburuko istinga, Gasteiz. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Foru Aldundiaren teknikariak hegazti-botulismo agerraldi posible bat ikertzen ari dira Arriagako urmaelean eta Salburuko istingan, Aldundiak agiri baten jakitera eman duenez.

Arriagan 20 bat ahate hilda topatu dituzte, eta beste hainbeste Salburuan. Ondorioz, ohiko protokoloa martxan jarri du Aldundiak. Hegazti-gripea baztertu eta gero, laginak Neiker laborategietara eta Nekazaritza eta Ingurumen Ministerioaren Laborategira (Algete) bidali dituzte.

Aldundiak jakinarazi duenez, baieztapen ofizialaren zain, hegazti guztiak botulismoak jota hil dira. Gaixotasuna 'Clostridium botulinum' bakterioa irentsita kutsatzen da.

Horrela, Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udalaren langileek hildako animaliak jaso dituzte; izan ere, "agerraldiarekin bukatzeko modurik eraginkorrena da". Gainera, Arriagako kasuan urmaela garbitzen ari dira.

Martioda

Era berean, oraindik bizirik dauden hegaztiak jasotzen baldin badira Martiodako Animalien Babeslekura eramango dituzte, bertan artatzeko eta sendatzeko.

Horregatik, hildako hegaztirik edo gaixorik dagoen animaliarik aurkitu ezkero, herritarrek 945 18 18 18 (Aldundia) eta 010 (Udala) telefonoetara deitzeko aukera dute animalia jasotzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arabako berriak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz albisteak Eguneko albisteak Arabako Foru Aldundia albisteak Gasteizko Eraztun Berdea Animaliak