Gizartea -
Donostia
Izagirre: 'Aste Nagusirik parte-hartzaileena eta anitzena izan da'
Alkateak azpimarratu du euskarak 'inoiz baino presentzia handiagoa' izan duela, eta ekitaldirik jendetsuenak su artifizialak izan direla adierazi du.
Erredakzioa
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak gaur adierazi du Bilduren gobernuak ekindako bideari jarraitu behar zaiola datozen urteetan Aste Nagusia antolatzeko, eta su artifizialak izan direla ekitaldirik jendetsuenak azpimarratu du.
"Aste Nagusirik parte-hartzaileena, herrikoiena eta anitzena izan da, eta euskarak inoiz baino presentzia handiagoa izan du. Ez du esan nahi onena izan denik, baina azken urteetako bidea egokia da, eta horri heldu behar diogu", esan du.
Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara arduradun ohiarekin batera, Gipuzkoako hiriburuko jaien balantzea egin du Izagirrek. Jende gehiena bildu duten ekitaldiak su artifizialak izan direla azaldu du, 100.000 pertsona ingururekin, eta larunbatean festen amaiera gisa egindako suzko zezenen entzierroak 25.000 pertsona bildu zituela esan du.
Txapartegik Saguesen, jaietako kontzertu nagusiak izaten diren gunean, iaz baino jende gutxiago batu izana azaldu du. Haren ustez, eguraldi txarrak zerikusia izan du, Urtz taldearen kontzertua bertan behera utzi baitzuten arrazoi horregatik; gainera, musika eskaintzen duten gune gehiago egotea azpimarratu du, Donostiako Piraten La Flamenka, esaterako.
Alkateak adierazi duenez, "aniztasun handia dago, bai kontzertuetan, baita bestelako ekintzetan ere, donostiar eta bisitari guztiak gustura sentitu daitezen".
Eguraldi txarra egin arren, jendea kalera berdin-berdin joan dela esan du Izagirrek, eta jaietako alderdi negatibo bakarra Amara auzoko emakume batek salatutako eraso sexista izan dela esan du. Antza denez, etxera sartzera zihoala, gizonezko batek eraso egin zion.
Guztira, Udaltzaingoak 524 esku-hartze egin ditu delitu arinengatik, 2013an baino 74 gutxiago; dena dela, salatutako lapurreten kopuruak gora egin du, 343tik 360ra.
Bestalde, parte-hartze handiagoaren erakusle da, alkatearen ustez, jaietako programa ofiziala osatzeko batu diren hiritar eta kirol elkarteen gorakada, eta horrek Donostiako Piraten egitarauarekin izan duen "osagarritasuna" azpimarratu nahi izan du.
"La Flamenka gunea sendotu egin da, eta urte luzez hala izan dadin nahi dugu", azaldu du, eta lehen aldiz ostegunetik larunbatera bitarteko gauetan trafikoa ixtea positibotzat jo du, suak ikusteko "espazio eta erosotasun gehiago" lortu baita horrela.
Parte hartu duten elkarteekin bilduko da orain Udala, Aste Nagusia ebaluatu eta 2015erako proposamenak batzeko.