Gizartea -
Emakumeen Kontrako Indarkeria
Amaginarreba hil eta bikotekidea larri zauritu du gizon batek Madrilen
Lepoan egindako zauri larrien ondorioz hil da 57 urteko emakumea. Alaba, 25 urtekoa, ospitalean dago, larri.
Erredakzioa
Poliziak gizonezko bat atxilotu du Arganda del Rey, Madrilen, 50 urteko emakume bat hiltzea egotzita. Bere bikotekidearen ama zen. Gainera neska-laguna ere larri zauritu du eta Madrilgo Gregorio Marañon ospitalean dago.
Guardia Zibilak eta Madrileko 112 larrialdietako zerbitzuak jakinarazi dutenez, ezbeharra 14:00ak pasatxoan gertatu da, Argandako Isaac Peral kaleko etxebizitza batean. Gizon errumaniar batek nazionalitate bereko bi emakume sastatu ditu.
Arma zuriz egin ditu erasoak. Adineko emakumeari lepoan eman dio labankada, eta horren ondorioz hil da. Emakumearen alaba, 25 urtekoa, bizirik eraman dute Gregorio Marañon ospitalera, toraxean eta besoetan zauri larriak zituela. Erasotzailearen neska laguna zen.
Erasotzailea ostegun arratsaldean irten zen Estremerako kartzelatik, baimen bati esker.
Biktimen senideek jarri zuten Udaltzaingoa jakinaren gainean, biktimak eta erasotzailea eztabaida sutsuan zirela ikusita, Argandako Udalak jakinarazi duenez.
Agenteak heldu direnean, erasotzailea etxe barruan zegoen, neska lagunari ustez puntzoi batekin eraso egin eta gero. Larrialdietako zerbitzua iritsi denerako, neskaren ama hilda zegoen.