Gizartea -

Nafarroa

Vianako gazte marokoarrak ez zuen jipoirik jaso, esan du Poliziak

Konorterik gabe topatu zuten, zauri larriekin. Hasieran, baztertu egin zuten harresitik jausi izana; orain, Poliziak erorikoaren teoriaren alde egin du, ez duelako erasoaren zantzurik aurkitu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Foruzaingoak Lizarrako 1 zenbakiko Instrukzio Epaitegira igorri ditu abuztuaren 7an Vianan zauri larriekin topatutako gazte marokoar baten inguruko izapideak, ez baitu eraso baten zantzurik topatu. Izan ere, nahiz eta hasieran erorikoaren hipotesia baztertu zuten, orain harresitik erori zela uste dute agenteek.

Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez zabaldu duenez, 2014ko abuztuaren 7an SOS Nafarroa larrialdietarako zerbitzuari abisua eman zioten harresiaren ondoan gazte bat lurrean etzanda zegoela, odoletan eta konorterik gabe.

Bertan B.E.M. topatu zuten, 19 urtekoa, lurrean etzanda eta zauri larriekin. Beraz, Logroñoko San Pedro ospitalera eraman zuten.

Gertaeraren lekukorik agertu ez zenez, eta ospitalean gaztea artatu zuten medikuek izandako zalantzak zirela eta, Lizarrako Auzitegiko Foruzaingoko agenteek ikerketa bat abiarazi zuten geratutakoa argitzeko, oharraren arabera.

Gaztea agertu zen lekuan zenbait aztarna hartu, eta Iruñeko laborategira bidali zituzten, analisia egiteko. Gainera, gertaeraren unean inguruan zeuden pertsonen testigantza jaso zuen Poliziak.

Izapideak bukatu eta gero, ikerketan parte hartu duten agenteek ondorioztatu dute mutilari ez ziola inork eraso. Zantzu guztien arabera, harresitik jausi zen, eta horrela zauritu zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Viana albisteak Albisteak Rabat gaur