Gizartea -
Artaleku
Irungo kiroldegia hustu behar izan dute kutsadura kimikoagatik
Produktu kimikoak erabiltzen ari zen langile bat artatu behar izan dute. Antza denez, laino toxiko txiki bat sortu da igerilekuak garbitzen ari zela.
Erredakzioa
Igerilekuak garbitzeko erabiltzen ari ziren zenbait produkturen nahasketak airea kutsatu du Artalekuko kiroldegian, Irunen (Gipuzkoa). Ondorioz, kiroldegia hustu behar izan dute. Igerilekuak itxita zeuden.
Produktu kimikoak erabiltzen ari zen langilea artatu behar izan dute. Antza denez, laino toxiko txiki bat sortu da, igerilekuak garbitzen ari zela. Langilea bere kasa joan da osasun zentrora, Irungo Udalak jakitera eman duenez.
Gertakaria igerilekuetan jazo da eta ez die gainerako instalazioei eragin. Hala ere, badaezpada, kiroldegian zeuden pertsona guztiak atera dituzte bertatik.
Suhiltzaileak eta Osasun teknikariak bertaratu dira airea aztertzeko. Kutsadurarik ez zegoela egiaztatu eta gero, kiroldegia berriz zabaldu dute 14:00etan.
Igerilekuak itxita egongo dira gaur ere, aurreikusita zegoen bezala, azken egunetako garbiketa lanak amaitu bitartean.