Gizartea -
Enkantea
Nazioarteko inbertitzaileak, Butroeko gazteluaren atzetik
Gazteluaren jabeak eitb.eus-i jakinarazi dionez, batez ere, nazioarteko inbertitzaileek egin dituzte eskaintzak. "Interesa agertu duten gehienak nazioarteko inbertitzaileak dira", zehaztu digute.
Idoia Alberdi | eitb.eus
Butroeko gaztelua (Gatika) asteartean jarri zuten enkantean, Internet bidez, eta eraikinaren jabea, Inbisa higiezinen agentzia, dagoeneko hasi da eskaintzak jasotzen. Orain arte, agentziak eitb.eus-i jakinarazi dionez, batez ere, nazioarteko inbertitzaileek egin dituzte eskaintzak. "Dagoeneko, jaso ditugu zenbait eskaintza. Interesa agertu duten gehienak nazioarteko inbertitzaileak dira", zehaztu digute.
Jasotako proposamenak aztertzen ari da orain Inbisa. Oinarrietan jarritako baldintzak betetzen dituzten egiaztatu behar dute, eta, hori egindakoan, eskaintzak egin dituztenekin harremanetan jarriko dira; gazteluari buruzko informazio guztia bidaliko zaie, eta, nahi izatera, eraikina bisitatzeko aukera izango dute.
Urriaren 21era arte egongo da zabalik enkantea. 3,5 milioi eurokoa da hasierako prezioa, eta diru gehien eskaintzen duenak eskuratuko du gaztelua.
Bizkaiko ikur preziatuenetakoa da Butroeko gaztelua, eta historiako ondaretzat jasota dago. Eraikinak 2.400 metro karratu ditu, eta gaztelua inguratzen duen lursailak, berriz, 35.000 metro karratuko azalera.
Eraikin honen garrantzi historikoa eta arkitektura berezia inbertitzaile partikularrentzat erakargarriak izan daitezkeela iritzita atera dute enkantera gaztelua.
Erdi Aroko gaztelua da, Butroe familiak eraikitakoa, eta XIX. mende amaiera aldera berritu zuen Francisco Cubas y Gonzalez-Montes markesak. Eraikina ez ezik, gazteluaren inguruko zuhaiztia ere berezia da oso: 70 zuhaitz mota baino gehiago daude, bertakoak eta exotikoak.
Eraikinak bost solairu eta lau dorre ditu. Barruan, besteak beste, gonbidatuak hartzeko gune zabal bat, antzinako kapera bat, armen patioa, ur-putzu naturala, liburutegia, ziega, upategia eta elikagai-biltegia ditu.