Gizartea -
Ezbeharra, Zarautzen
Taula orkatilara lotzeko soka hautsita zuen surflarietako batek
Taula galdu zuen eta itsas erdian geratu zen, heldulekurik gabe; anaia laguntzen saiatu zen eta itsaso zakarrak biak eraman zituen, lekukoen arabera.
Erredakzioa
Atzo Zarautzen hildako surflarietako batek taula orkatilara lotzeko soka hautsita zuen, eta, itxuraz, horregatik egin zion ihes taulak; uretan heldulekurik gabe geratu zen eta itsasoa zakar zebilen. Anaia laguntzera joan zitzaion, baina olatuen indarrak biak eraman zituen, eta itsasoan bertan hil ziren. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, hautsita zegoen txikotaren muturrean zinta itsaskorra topatu dute, aurretik soka konpontzen ibili izanaren seinale.
Ezbeharra ikertzen ari da Ertzaintza. Hildako bi anaien gorpuak Donostiako Medikuntza Institutuan daude atzotik. Epaileak eta senitartekoek ondorengo orduotan erabakiko dute gorpuei autopsia egin ala ez.
Hileta, bihar
Andres eta Javier Guiberten aldeko hileta elizkizuna bihar, asteartea, egingo da Mendilloriko parrokian. Aurretik, Iruñeko Irache Beilatokira eramango dituzte gorpuak; Andresen gorpua erraustu egingo dute eta Javierrena bere emaztearen herrira, Murillo Longuidara, eramango dute eta hango hilerrian lurperatuko dute.