Gizartea -

Epaia

7 urteko kartzela-zigorra, Oionen gizon bati labankada emateagatik

Akusatuak egindakoa aitortu eta zigor-eskariak onartu zituen. Kartzela-zigorraz gain, 41.592 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arabako Probintzia Auzitegiak zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri dio 2013an Oiongo jaietan gazte bati labankada eman zion 38 urteko gizonezkoari.

Irailean hasi zen epaiketaren lehen egunean, akordio batera heldu ziren Fiskaltza eta akusatuaren abokatua. Akusatuak egindakoa aitortu eta zigor-eskariak onartu zituen.

Hala, sei urteko kartzela-zigorra ezarri diote hilketa saiakeragatik eta beste urtebeteko zigorra mehatxuengatik.

Epaitutako ekintzak Oiongo jaietan gertatu ziren, 2013an, abuztuaren 22ko goizeko seietan, hain zuzen ere. Taberna bateko jabeak bertatik kanporatu zuen akusatua haren jarrerak gainerako bezeroak gogaitzen zituela argudiatuta.

Taberna kanpoan hainbat laguni mehatxuak egin zizkion eta, etxera joan eta sukaldeko laban bat hartu ondoren, tabernara itzuli zen.

Kanpoaldean zegoen pertsona taldeari labanarekin eraso egiteko mehatxu egin zion. Talde horretako pertsona bat labana kentzen saiatu zen eta beste bat erasotzailea mendean hartzen. Hala ere, erasotzaileak buelta eman zuen eta azken horri labana sartu zion lepoan. Ondoren, erasotzaileak ihes egin zuen, baina Ertzaintzak berehala atxilotu zuen.

Kartzela-zigorraz gain, akusatuak 41.592 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktimari, ezingo du biktimarengandik 200 metrora gerturatu eta ezingo du 16 urtean berarekin harremanetan jarri.

Aldeek epaiaren kontrako helegitea aurkez dezakete Auzitegi Gorenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Delituak albisteak Epaiketak bideoak Gizartea bideoak Arabako Errioxa albisteak Oion