Gizartea -
Araba
Hilik topatu dute Kanpezun desagertutako 75 urteko espeleologoa
Erreskate taldeek Istorako trokartean aurkitu dute espeleologo gasteiztarraren hilotza. Arratsaldean erreskatatu dute gorpua, eta Gasteizko anatomiko forentsera eraman dute.
Erredakzioa
Hilik aurkitu dute Kanpezun desagertu zen 75 urteko espeleologo gasteiztarra. Hilotza erreskate taldeek topatu dute Orbiso mendian, Istorako trokartearen inguruan, Segurtasun Sailak zabaldu duenez. Erreskate taldeek denbora asko behar izan dute gorpua zegoen tokira iristeko eta zegoen tokitik ateratzeko. Hala, 19:30ak aldera baieztatu dute gorpua erreskatatu dutela eta Gasteizko anatomiko forentsera eraman dutela.
Gaur 09:00etan berrekin diote erreskate taldeek bilaketari, eta 11:35ean topatu dute hilda urriaren 5etik desagertuta egon ostean. Antza denez, simen inguruko ikerketa egiten ari zen gizona.
Espeleologoaren senide batek jarri zuen Ertzaintza jakinaren gainean aurreko asteazken gauean eta, adierazi zuenez, bi aste aurreragotik ez zuten haren berri. Gizonaren autoa Kanpezuko Orbiso mendiaren inguruan aurkitu zuten, ostegunean, eta orduan aktibatu zuten bilaketa.
Bilaketan, Ertzaintzako mendi taldeak, zakurren taldeak, miñoiak eta desagertutakoaren Espeleologia taldeko kideek hartu dute parte.