Gizartea -
Drogaren kontrako operazioa
110 kilo speed topatu dituzte Sestaoko garaje batean
2014an Europan atzeman duten droga kopuru handienetakoa da. Polizia Nazionalak gizon bat atxilotu du.
Erredakzioa
Polizia Nazionaleko agenteek 110 kilogramo speed topatu dituzte Sestaoko (Bizkaia) garaje batean ezkutatuta, Espainiako Gobernuak EAEn duen Ordezkaritzak jakinarazi duenez. 2014an Europan atzeman duten droga kopuru handienetako da Sestaon aurkitutakoa.
Speeda Sestaoko lur azpiko garaje batean zegoen ezkutatuta, abandonatuta zegoen auto baten barruan. Droga konfiskatzeaz gain, gizon bat atxilotu dute agenteek, osasun publikoaren kontrako delitua eta armak zilegi ez den moduan izatea egotzita. Izan ere, auto barruan 4.221 gramo kokaina, 3.990 gramo heroina, 500 gramo marihuana eta bederatzi milimetroko pistola bat topatu zituzten agenteek.
Urri hasieran droga-trafikoaren kontrako ikerketa abiatu zuen Polizia Nazionalak Bizkaian. Ezkerraldean trafikatzaile lanetan omen zebilen gizon baten arrastoari jarraitu zioten. Droga ezkutatzeko biltegi moduko bat zuela iritzita, susmagarria zelatatzeari ekin zioten eta Sestaoko lur azpiko garaje batera iritsi ziren agenteak. Droga bertan, hirugarren solairuan aparkatutako auto batean, gordetzen zuela ondorioztatu zuen Poliziak.
Garaje batean gordetzen zuen droga
Susmagarria garajean atzemateko lanak izan zituzten agenteek. Izan ere, potentzia handiko motor bat zerabilen garajera joateko, eta abiadura bizian eta zirkulazio-arauak hautsita ibiltzen zen, Poliziak jarraitzeko aukerarik izan ez zezan.
Urriaren 23an motxila bat aldean zuela ikusi zuten susmagarria. Agenteek atxilotu zutenean, 200 gramo speed eta 100 gramo kokaina zeramatzan aldean.
Atxilotu ostean, 110 kilo speed, 4.221 gramo kokaina, 3.990 gramo heroina, 500 gramo marihuana, pistola bat, bi balantza eta droga manipulatzeko gailu ugari atzeman zizkioten garaje barruan.