Gizartea -

Heriotza

Albako dukesa hil da

Sevillan zendu da aristokrata espainiarra, biriketako infekzio batek eragindako ondorioak ezin gaindituta.

Albako dukesa. EiTB
Albako dukesa
Albako dukesa. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Albako dukesa, Cayetana Fitz-James Stuart, hil da gaur, Sevillan, biriketako infekzio batek eragindako ondorioak ezin gaindituta. Berria Juan Ignacio Zoido Sevillako alkateak eman du, eta aristokrata espainiarraren aldeko hil-kapera Andaluziako hiri honetan paratu dute.

Hil-kapera 23:00ak aldera itxi dute, 80.000 pertsona bertatik pasa eta gero, Udaleko iturrien arabera. Cayetana Fitz-James Stuarten hilkutxari bisita egiteko aretoa ostiral honetan zabalduko dute berriz, 09:00etatik 11:00etara. Sevillako katedralera eramateko prestatzen hasiko dira 11:00etan.

88 urte zituela hil da Albako Cayetana, Sevillako Dueñas jauregian, senitartekoak eta Alfonso Diez senarra ondoan zituela.

Twitter bidez zabaldu du heriotzaren berria Zoidok: "Cayetana andreak beti izan du Sevilla bihotzean, eta, horregatik, beti izango da Sevillaren bihotzean. Goian bego", idatzi du.

Albako dukesaren gorpua erraustu egingo dute eta, ondoren, haren errautsak Ijitoen Kristoa delakoaren azpian jarriko dituzte, hain zuzen ere, kofradia horrek Sevillan daukan kaperako aldarean.

Azkenaldian gaixo zebilen Albako dukesa. Igandean, Sevillako Quiron Sagrado Corazon erietxera eraman zuten, eta Zainketa Berezien Unitatean sartu zuten, arnasa hartzeko arazoak zituela. Hobera egiten ez zuela ikusita, Dueñaseko jauregira eraman zuten asteartean, "gaixoak eta haren familiakoek eskatuta". Ordudanik, 30 bat kazetari izan dira eraikinaren inguruan, zorigaiztoko albistearen zain.

Biografia

Maria del Rosario Cayetana Alfonsa Victoria Eugenia Francisca Fitz-James Stuart y de Silva Madrilen jaio zen 1926ko martxoaren 28an, Liriako jauregian. Gerra Zibila hasi zenean, Londresera joan zen familiarekin. Erbestean egonda ere, ezin izan zion gerrari ihes egin, hiru urte geroago, Bigarren Mundu Gerra abiatu baitzen.

Espainiara itzulita, aitaren gomendioz, Pedro Luis Martinez de Irujo y Artazcoz aristokatrarekin ezkondu zen. Ezkontza 1947ko urriaren 12an ospatu zuten, Sevillan.

Jacobo Fitz-James aita hil zenean, haren eskutik jaso zuen Alba de Tormesko dukerria. Sei seme-alaba izan zituen: Carlos, Huescarko dukea; Alfonso, Aliagako dukea; Jacobo, Siruelako kondea; Fernando, San Vicente del Barcoko markesa; Cayetano, Salvatierrako kondea, eta Eugenia, Montoroko dukesa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea