Gizartea -
Hiesa
Bi urtetan 26 pertsona kutsatu dituen GIB kate bat antzeman dute
Osakidetzako eta Carlos III Osasun Institutuko profesionalek egindako ikerketa baten ondorio nagusia da. GIBaren transmisio kateari gizonezko batek hasiera eman zion Euskadin.
Erredakzioa
Bi urtetan 26 pertsona kutsatu dituen hiesaren transmisio kate bat antzeman dute. Osakidetzako eta Madrileko Carlos III Osasun Institutuko profesionalek egindako ikerketa baten ondorio nagusia da. GIBaren transmisio kateari gizonezko batek hasiera eman zion Euskadin, Osasun Sailak agiri baten azaldu duenez.
Transmisio cluster horien hedapen “azkarra” berretsi du ikerketak, Osasun Sailak jakitera eman duenez. Sexu-harremanak gizonezkoekin izan dituzten gizonak kutsatu ditu birusak. Horregatik, “prebentzioaren arloan lasaikerian erori” behar ez direla adierazi dute profesionalek.
B70 agerraldiaren aurreneko kasua 2008an antzeman zuten eta gainerako infekzioak 2012tik 2014ra bitartean diagnostikatu dituzte. Infekzio guztiak, bat salbu, 18-52 urte bitarteko gizonen artean gertatu dira, harreman homosexualen bidez.
Transmisio cluster mota hau Euskadin edo erkidegotik at jasotzen den aurreneko aldia ez da; izan ere, Galizian antzeko kasua gertatu zen.
GeSIDA VI. Kongresua
Ikerketaren garrantzia goraipatu du Daniel Zulaika Sexu Transmisioko Infekzio eta Hiesaren Planeko koordinatzaileak. Txostena GeSIDA VI. Kongresuan, Malagan, aurkeztuko dutela iragarri du Zulaikak. Kongresua asteartean hasiko da. Arrisku handiko praktikekin lotutako fenomenoa berretsi du ikerketak. Antzeko transmisio kateak ehun bat lagun kutsatu zituen Galizian.
2015-2018 Egitasmo Estrategikoan lanean ari direla iragarri zuten iragan astean Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak. Hiesa murrizteko eta infekzio berriak geldiarazteko helburuak ditu Euskadin. Planak prebentzioaren eta kontzientziazioaren aldeko apustua egiten duela goraipatu du Zulaikak.