Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Tratu txarren biktimek 3 hileko epean jasoko dituzte laguntzak, EAEn
Orain arte, indarkeria matxistaren biktimen sei hilabeteko epea itxaron behar izan dute eskatutako diru-laguntzak eskuratzeko.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak hiru hilabeteko epean emango dizkie diru-laguntzak indarkeria matxistaren biktimei eta, beraz, ez dute sei hilabete itxaron beharko, orain arte gertatu izan den moduan. Arau berria 2015eko urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean.
Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak egin du aipatu iragarpena, Legebiltzarreko batzordean egindako agerraldian. Diana Errea EH Bilduko legebiltzarkideak eskatuta eman behar izan ditu indarkeria matxistaren biktimei zuzendutako gizarte zerbitzuen inguruko azalpenak.
Aburtok esan duenez, biktimari bere erasotzailearengandik banatzeko gutxiengo baliabideak erraztea da neurri honen helburu nagusia.
Laguntzak 2.000 eta 10.000 euro bitartekoak dira; eta, besteak beste, biktimaren beharrizanak, egoera ekonomikoa eta seme-alaba kopurua hartuko dira kontuan laguntzak ematerakoan.
Horrez gain, indarkeria matxistaren biktima diren emakume etorkinek, laguntza handiagoak jasoko dituzte, baldin eta beste herrialde batean seme-alabak badituzte eta bertara ekarri nahi badituzte.
Amaitzeko, araudi berriaren arabera, tratu txarrak jasaten dituzten adingabeek laguntzak jaso ahal izateko, ezinbestekoa izango da emantzipatuta egotea. Gurasoekin bizi direnek ez dute diru-laguntza eskatzeko aukerarik izango.
Jaurlaritzak, iaz, 206 eskaera erregistratu zituen eta horietatik 162 onartu zituen. Aurten, 216 tramitatu dituzte eta horietatik 142 onartu dituzte.