Gizartea -
Bilbo
Argi eta gas-ikuskari faltsuen lapurretez eta iruzurrez abisatu dute
Ertzaintzak zenbait kasu atzeman ditu azken asteetan hiriburu bizkaitarrean. Biktimak adinekoak izan ohi dira.
Erredakzioa
Ertzaintzaren Bilboko polizia-etxeak gas eta argi-ikuskari gisa joaten diren gaizkileak ugaritzen ari direla atzeman du azken asteetan. Gaizkileon biktimak, oro har, adineko pertsonak izan ohi dira. Kasu batzuetan, biktimak oharkabean harrapatuta dirua edota bitxiak lapurtzen dizkiete, eta beste batzuetan kopuru handiak kobratzen dizkiete ikuskapen faltsuengatik, Segurtasun Sailak ohar baten bidez zabaldu duenez.
2014 osoan engainu bidezko hainbat lapurreta gertatu dira Bilbon. Egileetako bat, biktimen deskripzioaren arabera, 35-40 urteko gizona da, ondo jantzia, batzuetan traje eta gorbatarekin, eta hitz egitean traketsa dena. Pertsona hori energia hornitzen duen enpresa garrantzitsu bateko agiriarekin agertzen da.
Horrela, aipatutako oharraren arabera, gizonezkoa etxera joaten da esanez argiaren kontagailua berrikusi behar duela, edota etxeko bonbillen kontsumoa aztertu behar duela. Etxebizitzaren barruan sartu eta gero, bankuko libreta eskatu ohi du argiaren agiria ordainduta dagoen ikusteko, edota NAN zenbakia... Hala, biktimak berak erakusten die etxeko zein tokitan gordetzen dituzten dokumentazio nagusia eta balioko ondasunak.
Gaizkileak biktima deskuidarazten du, esate baterako, gelako argia pizteko esanez, dirua edota bitxiak osteko. Azaroan, Bilboko polizia-etxeak tankera honetako sei lapurretaren salaketak jaso ditu.
Bestalde, azkeneko astean bi salaketa jaso dituzte gas-berrikusketan egindako iruzurragatik. Antza denez, egileak 30 inguruko bi gizonezko ziren, kaleko jantzita, eta gas-ikuskatzaile gisa agertzen ziren etxebizitzetara, karpeta bat besoetan zutela.
Etxebizitzan agertzen dira adieraziz gas-galdara ikuskatu behar dutela, eta 250 eta 600 euro artean kostatzen dela. Biktimak diru-kopuru hori etxean izaten ez duenez oro har, gaizkileek ahal duten guztia emateko eskatzen diete, eta falta dena hurrengo egunetan kobratuko dietela.
Egileek, sinesgarritasun handia erakusteko eta biktimari segurtasun handiagoa emateko, gas-instalazio eta ikuskapen enpresa legezkoetako dokumentazioa ematen diete, eta paper horietan eskuz idazten dute biktimaren izena eta zerbitzuaren zenbatekoa. Era berean, ustezko konpainia horren telefono bat ere eskaintzen dute, legez ezarritakoekin bat datorrena, gainera.
Ertzaintzaren gomendioak:
Gas eta argi-ikuskatzaileak agertzen bazaizkizu etxean hitzordurik gabe, eskatu beti lan egiten duten enpresako agiria. Ahal izanez gero, gainera, deitu konpainiaren telefono-zenbakira, identifikazioa egiaztatzeko.
Zalantzarik izanez gero, ez ireki etxebizitzako atea eta esan ez dutela ikuskapena egingo harik eta nortasuna egiaztatu arte. Adinekoen kasuan, gomendagarria da konfiantzazko norbait bertan izatea. Susmoa sortzen denerako ustezko langilea etxe barruan baldin badago, ez galdu bistatik eta ez esan dirua zein baliozko objektuak zer tokitan gordetzen diren.
Ez ordaindu instalazioengatik edota berrikusketengatik neurriz kanpokoak diruditen diru-kopuruak, ezta zenbatekoaren zati bat ere, eta atzeratu ordainketa geroko ikusketa batera.