Gizartea -

Igandean

Hiru gizon atxilotuta indarkeria matxistagatik Gasteizen, egun berean

38 urteko bi gizon eta 52 urteko beste bat dira atxilotutakoak; horietako batek bikotekideari eraso dio, eta ondoren leihotik botako duela esan dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hiru gizonezko atxilotu dituzte 24 ordu baino gutxiagoan Gasteizen, haien bikotekide eta bikotekide ohien kontrako indarkeria delituak egitea egotzita.

Lehenengo atxiloketa goizaldeko hirurak jotzear zirenean gertatu zen, Judizmendi inguruan, Udaltzaingoak eraso baten abisua jaso eta gero, ohar baten bidez zabaldu dutenez.

Bertara heldutakoan, agenteek ustezko erasotzailea topatu zuten, etxetik alde egitera zihoanean, emakumeak etxebizitzako beste gela batean zegoela.

Emakumearen arabera, gizonezkoak (38 urte) aurpegian jo zion; hori dela eta, zantzuak konprobatu ostean, poliziek ustezko erasotzailea atxilotu zuten, genero indarkeria egitea leporatuta.

Halaber, atzo, 15:00ak aldera, 38 urteko beste gizon bat atxilotu zuten, haren bikotekideak salaketa jarri ostean, Udaltzaingoaren polizia-etxean. Emaztearen bertsioaren arabera, gizonezkoak haien etxebizitzan eraso egin zion, Arriaga inguruan.

Ustezko erasotzailea aurkitu eta gero, Astegietan, agenteek atxilotu egin zuten, genero indarkeria delitua egotzita.

Azkenik, 21:30ean, emakumeak Poliziara deitu zuen, oso urduri, abisatzeko bere bikotekide ohia etxean agertu eta, eraso egin eta gero, leihotik botatzearekin mehatxatu zuela.

Lekuko baten testigantza eta biktimaren bertsioa ezagutu eta gero, agenteek gizona (52 urte) atxilotu zuten, etxean jarraitzen baitzuen.

Gizartea

Indarkeria matxista

Drama amaigabea: gutxienez 48 emakume hil dituzte aurten Estatuan

Erredakzioa

2014/12/09

Atzo bi emakume eta gizon bat hil zituzten Valladoliden eta Paternan, eta beste emakume bat zauritu zuten Bilbon.

Gutxienez 48 emakume hil dituzte aurten Espainiako Estatuan bikotekideek edo bikotekide ohiek, indarkeria matxista arazo estrukturala den erakusle.

Atzo, 24 orduan, bi emakume eta gizon bat hil zituzten Valladoliden (Gaztela eta Leon) eta Paternan (Valentzia). Gainera, Bilbon, emakumezko bat arma zuriz zauritu zuten, lepoan.

Aurten Katalunian izan dira krimen matxista gehien, 12 emakume hil baitituzte bertan. Zerrenda beltz horretan, Andaluzia dago bigarren (10 emakume hil dituzte bertan), eta Galizia (6), Madril (5), Valentzia (5), Balearrak (3), Gaztela eta Leon (3), Melilla (2), EAE (1) eta Kanariar Uharteak (1) daude ondoren.

Biktimetako 34k espainiar herritartasuna zuten, eta 13 atzerritarrak ziren. 30 biktima ustezko hiltzailearekin bizi ziren, eta 17 ez.

Adinari dagokionez, hamabost biktima 41 eta 50 urte artekoak ziren, hamalau 31 eta 40 urte artekoak, zortzi 51 eta 64 artekoak, lau 75 eta 84 artekoak, bost 19 eta 30 artekoak, bat 65 eta 74 artekoa eta beste bat 85 urtetik gorakoa.

Hamasei emakumek salaketa aurkeztu zuten, baina bik kendu egin zituzten ondoren. Zortziri babes-neurriak ezarri zizkieten, baina hiru kasutan amaitu egin ziren.

Hilabete guztietan izan da hilketaren bat: zazpi, urtarrilean; lau, otsailean; bederatzi, martxoan; lau, apirilean; bi, maiatzean; hiruna, ekainean eta uztailean; zortzi, abuztuan; bana, irailean eta urrian, eta hiru, azaroan.

Bestalde, indarkeria matxistak 35 adingabe umezurtz utzi ditu.

_____________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo biktimaren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu 016 telefono-zenbakira (doakoa da eta ez du arrastorik uzten fakturan).

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak albisteak