Gizartea -
Estortsio sarea Otxarkoagan
Sei trafikatzaile atxilotu ditu Ertzaintzak Bilbon
Sareko sei kideak identifikatu dituzte ertzainek azken bi hilabeteetan, Bilboko Otxarkoaga auzoan. 24 urteko gazte bat droga-trafikatzaileen buruzagia zen.
Erredakzioa
20 eta 30 urte bitarteko sei gizonezko atxilotu ditu Ertzaintzak aste honetan, Bilbon. Estortsioa, ibilgailuen agiriak faltsutzea eta droga-trafikoa egotzi diete, Ertzaintzak jakitera eman duenez.
Sareko sei kideak identifikatu dituzte ertzainek azken bi hilabeteetan, Bilboko Otxarkoaga auzoan. 24 urteko gazte bat droga-trafikatzaileen buruzagia zen.
Inguruko pertsonei estortsioa egiten zien sareak, droga kontsumitzaileei batez ere. Haxix eta kalamu kopuru txikiak saltzen zizkieten. Salmentak zorrak sortzen zituen eta zorrak denborarekin areagotu egiten ziren, 1.000 euroak gainditu arte.
Aurrekariak
Sareko sei kideak atxilotu dituzte aste honetan. 20 eta 30 urte bitarteko gizonezkoek aurrekariak dituzte lapurreta eta erasoengatik, Bizkaian zein Kantabrian.
Atxiloketen ostean hiru etxebizitza eta lau lonja miatu dituzte ertzainek. Zigilu faltsuak, hirugarrengoen nortasun agiriak eta iruzurra egiteko transferentzietan erabilitako agiriak atzeman ditu Ertzaintzak miaketa horietan.
Gainera, luxuzko sei auto atzeman dituzte. Bilboko guardiako epaitegitik pasa eta gero, atxilotuak libre karguekin utzi zituzten, baina biktimengandik urruntzeko aginduarekin.