Gizartea -

Abenduak 21

San Tomas egun jendetsua ospatzeko prest da Donostia

Aurtengo azokan 235 postu atonduko dituzte txistorra, taloak, gazta eta eskulanak saltzeko. Gainera, 360 kiloko Maikruz txerria protagonista bihurtuko da.

Santo Tomas Donostian
Santo Tomas Donostian
Buru belarri dabiltza Donostian San Tomas egunerako prestatzen

1:53

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiak urteko egunik garrantzitsuenetako bat ospatuko du gaur. Abenduaren 21a San Tomas eguna da eta azoka tradizionala egingo dute Gipuzkoako hiriburuan. 235 postu atonduko dituzte txistorra, taloak, gazta eta eskulanak saltzeko. Gainera, 360 kiloko Maikruz txerria protagonista bihurtuko da.

Aurtengo jaia bereziki jendetsua izango dela uste da, igandean izango delako. Txistorra eta beste hainbat jaki dastatzeaz gain, azokak erosketak egiteko aukerak eskainiko ditu eta lehiaketak ere egingo dira. Horien artean nabarmentzekoa da Euskadiko 19. txistorra lehiaketa.

Zalantzarik gabe, Maikruz bost urteko txerria izango da eguneko protagonista. Leitzako Arro baserriko animaliak 360 kilo inguruko pisua du.

Maikruz Konstituzio plazan egongo da, jaiaren erdigunean, baina auzoetan ere egongo da zertaz gozatu.

Guztira 235 postu atonduko dituzte, 2013an baino 25 gehiago, eta bertan salduko dituzte txistorra, taloak, gaztak, gozoak eta eskulanak.

Okendoko animalien azokan elkartuko dira etxeko txikienak, eta barazki eta txorimalo lehiaketak egingo dituzte, pilota partidekin eta bestelako herri kirol erakustaldi batzuekin batera.

Tren zerbitzu bereziak

Euskotrenek tren zerbitzuak indartuko ditu Donostian ospatuko den San Tomas Azoka dela eta. Zerbitzu bereziek ohiko zerbitzua osatuko dute, Euskotrenek jakinarazi duenez.

Horrela, Zumaia-Donostia tartean, ohiko zerbitzua indartuko da trenak 30 minuturo egon daitezen, 08:20tik 21:20ra (Donostiatik Zumaiara) eta 08:30etik 21:30era (Zumaiatik Donostiara). Azken irteera Donostiatik Zumaiara izango da, 21:50ean.

Irun-Donostia tartean ere, ohiko zerbitzua indartuko duten trenak izango dira, 30 minuturo egon daitezen, 07:00etatik 21:30era (Donostiatik Irunera) eta 07:52etatik 21:52era (Irundik Donostiara). Azken trenak Donostiatik Irun/Hendaiara 21:45ean eta Oiartzunera 22:45ean izango dira.

Bestalde, informazio gehiagorako, deitu 902 543 210 telefonora deitu edota sartu Euskotrenen webgunean.

Eguraldi iragarpena

Eguraldiak hobera egingo du. Eguna motel antzetik hasiko da, hodei hondarrak geratuko dira, baina orduak igaro ahala, haizeak ekialdera egin eta argitzera egingo du.

Arratsaldean zerua ia erabat oskarbi geratuko denez, ilundu bezain pronto dezente hoztuko du eta eguna amaitu aurretik baliteke barnealdeko zenbait puntutan izotza egitea. Eguneko tenperaturan, baina, ez da aldaketa handirik izango.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako azken albisteak San Tomas azoka Bilbo Gaurko albisteak Gipuzkoa Gizartea Gaurko titularrak Albisteak Azokak