Gizartea -
Abenduak 21
Jendetza bildu da Donostian, San Tomas ferian
Eguraldiak lagunduta, jende andana gerturatu da Gipuzkoako hiriburura. 380 kiloko Maikruz txerria izan da protagonista nagusia.
Erredakzioa
Donostian, San Tomas eguneko azoka tradizionala egin dute igande honetan. Aurtengoa bereziki jendetsua izan da, igandea suertatu delako eta eguraldia lagun izan delako. Hala, jende andana elkartu da ferian, goiz-goizetik.
Txistorra, taloak, gazta, gozoak eta eskulanak saltzeko, 235 postu atondu dituzte, 2013an baino 25 gehiago.
Lehen orduetatik Maikruz txerriak piztu du ikusmina Konstituzio plazan. Bost urteko animalia da, eta Leitzako Arro baserritik ekarri dute. Azkenean, 380 kilo hartu ditu.
(Maikruz txerria. Argazkia: EFE)
Txistorra eta beste hainbat jaki dastatzeaz gain, azokak erosketak egiteko aukerak eskaintzen ditu eta lehiaketak ere egin dituzte. Horien artean nabarmentzekoa da Euskadiko 19. txistorra lehiaketa.
Konstituzio plazan dago jaiaren erdigunean, baina auzoetan ere izan da zertaz gozatua.
(Jai-giroa, goizean goiz. Argazkia: EITB)
Okendoko animalien azokan elkartu dira etxeko txikienak, eta barazki eta txorimalo lehiaketak egin dituzte, pilota partidekin eta bestelako herri kirol erakustaldi batzuekin batera.