Gizartea -

Denboralea

Eguraldiak hobera egingo du datozen orduetan

EAEko errepide sare nagusia eta bigarren mailakoa zabalik dago, baina kontuz gidatzeko gomendatu du Segurtasun Sailak

Gasteizko parke bat, zuri-zuri, gaur. Argazkia: @viajandoconmishijos
Elurtea Gasteizen
Hainbat herri zuri esnatu dira baina errepideak zabalik

1:20

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hotz bolada dugu gurean, eta elurra oso behean egitea aurreikusi dute. Arratsaldean, baina, hobera egingo du aroak eta ez da elur konturik espero, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera. Izan ere, elur-maila 600 metroan kokatuko da, baina ez da ia prezipitaziorik egongo.

Goizean, ordea, bestelakoa izan da egoera. Gasteizen, Iruñean eta Arabako eta Nafarroako herri askotan zuritu du, apur bat bada ere. Euskalmetek abisu horia ezarri du EAE barnealdean, eta Aemetek alerta laranja, foru erkidegoaren erdialdean. Iragarpenari jarraiki, neguko planak indarrean jarri dituzte Araban eta Nafarroan. Arabako Foru Aldundiak Neguko Bidezaintza Plana jarri du martxan, 32 behargin eta elurra kentzeko 11 makina lanean ipinita. Nafarroan, berriz, elurra kentzeko 88 makina ari dira errepideak garbitzen.

Goizaldean botatako elurraren ondorioz, autoek kateak behar izan dituzte Arabako hainbat mendatetan, eta kamioientzat itxita egon dira Opakua, Urduña, Bernedo eta Herrera. 14:00etan, ordea, Opakua ez beste mendate guztiak zabalik izan dituzte kamioiek eta ibilgailu artikulatuek, baina kontuz gidatzeko gomendioa eman du Segurtasun Sailak.

Nafarroan, bigarren mailako hiru mendate itxita daude eta kateak behar dira beste lautan, Nafarroako Gobernuaren arabera.

Hauek dira itxita dauden errepideak: NA-137 (Burgi-Izaba-Frantzia, 47. kilometrotik aurrera), NA-2012 (Otsagabia-Irati, 8. kilometrotik aurrera) eta NA-2011 (Espartza Zaraitzu-Frantzia, 6. kilometrotik aurrera).

Urbasako eta Belaguako mendateetan kateak behar dira (25. eta 33. kilometrotik hasita, hurrenez hurren) eta baita NA-140 (43. kilometrotik aurrera) eta NA-120 (18. eta 31. kilometroen artean) errepideetan ere.

Elurra 500-600 metroan

Arratsalderako, gora egingo du elur-mailak eta 500-600 metroan kokatuko da. Dena dela, ez du ia botako; hori dela eta, abisu horia bertan behera utzi du Euskalmetek. Bihar, asteartea, izozteak eta tenperatura minimoak izango dira kontuan hartu beharrekoak. Elur-maila astearte arratsaldean jaitsi egingo da berriz, baina bereziki asteazkenean espero da elurra: Araban 500 metroan egin dezake.

Nafarroan, lurraldearen erdialdean, alerta laranja dago indarrean, 5 zentimetroko lodiera harrapa baitezake elurrak. Pirinioetan, berriz, abisu horia dute, baina baliteke 10 zentimetroko geruza pilatzea bertan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Iruñeko albisteak Gaurko albisteak Nafarroan Araba Denboraleak albisteak Eguraldia Bilbao Elurra Hotz bolada