Gizartea -
Bilbo
Urtarrilaren 28an hasiko da Kukutzaren okupazioari buruzko epaiketa
Fiskalak hiru urte eta egun bateko kartzela zigorra eta 960ko isuna eskatu du 23 inputatuentzat.
Erredakzioa
Datorren astean hasiko da Kukutza gaztetxearen okupazioari buruzko epaiketa Bilboko 9. zenbakiko Zigor epaitegian. Guztira, 23 pertsona daude inputatuta, eraikina okupatzea leporatuta.
Epaiketa hilaren 28an, 29an eta 30ean egingo da Bizkaiko auzitegian eta ondasun higiezinen usurpazio delitua izango da ezbaian, iturri judizialek jakinarazi dutenez.
Fiskalak hiru urte eta egun bateko kartzela zigorra eta 960 euroko isuna (8 euro egunean lau hilabetean) eskatuko du inputatuetako bakoitzarentzat, eraikineko teilatutik ertzainei objektuak botatzea leporatuta, Kukutzaren Elkartasun Taldea plataformaren arabera.
Aspaldian erabiltzen ez zen eraikin industrial batean kokatua zegoen Kukutza gaztetxea eta urte askoan irekita egon zen, harik eta Ertzaintzak 2011ko irailaren 21ean jendez hustu zuen arte, eraikineko jabeek hala eskatuta.
Eraikinaren huste prozesuan eta ondoren izandako istiluetan 64 pertsona atxilotu zituzten.