Gizartea -
Kukutza hustu zutenean
Kukutza hustu ostean neska bat jo zuen ertzainaren zigorra berretsita
Isuna 540 eurokoa da eta ordaindu beharreko kalte-ordaina 160 eurokoa. Auzitegiaren arabera, agenteak "ostikada gogor" bat eman zion gazteari, gaztetxea hustu eta zenbait ordutara.
Erredakzioa
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak berretsi egin du Kukutzako gaztetxea hustu eta gero neska bati "ostikada gogor" bat emategatik Ertzaintzako agente batek jasotako zigorra.
Agenteari 540 euroko isuna ezarri diote, eta 160 euroko kalte-ordaina ordaintzea, Kukutza hustu eta ordu batzuk geroago gazte bat jotzeagatik, Kukutzarekin Elkartasuna Taldeak jakinarazi duenez.
Epaian, Auzitegiak Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren abokatuak aurkeztutako argudio guztiak baztertu ditu eta, aurreko epaian esan zuen bezala, probatutzat ematen du agenteak "behar ez zuenean ostikada bat" jo ziola neskari, Ametzolako biribilgunean, "gaztetxetik 800 metro baino gehiagora eta leku hartan liskarrik egon barik".
Ostikoa "eusteko maniobra" zela esan du Ertzaintzaren abokatuak, baina Auzitegiak "eufemismo"tzat jo du argudioa. "Polizia-agenteen eta salatzaileen arteko baliabideen desberdintasuna" kontuan hartuta, baztertu du aringarririk ezartzea.
Kolektiboak gogorarazi duenez, Kukutza III gaztetxea hustu zutenean "hainbat zauritu izan ziren Poliziaren jokaeragatik, gutxienez 103 mediku-txosten; horietatik kasik erdia auzitara eraman izan dira baina ia gehienak artxibatu dituzte ezin izan direlako agenteak identifikatu".
Halere, gaineratu du, "kasu honetan posible izan da identifikatzea, Ertzaintzaren Unitate Diziplinarioak abiarazitako ikerketa bati esker, instrukzio-epaileak hala eskatuta, eta epaile horrek Bilboko Polizia Etxeari eta Brigada Mugikorreko buruari eskatu ostean, eta haiek hirutan "ez dela posible ostikada bat eman duen agentea identifikatzea" erantzun, kaputxa jantzita zutelako eta identifikatzeko zenbakirik ez zeramatelako".