Gizartea -
Hilketa
Psikiatrikoan sartu dute Santurtziko ustezko hiltzailea
Basurtuko Ospitaleko psikiatria aretora eramateko agindua eman du epaileak gaur arratsaldean.
Erredakzioa
Santurtzin ustez gizon bat hil duen gizonezkoa psikiatrikoan sartzeko agindua eman du epaileak. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak azaldu duenez, Basurtuko Ospitaleko psikiatria aretora eraman dute.
Santurtzin (Bizkaia), gizon batek beste bat hil omen du bart, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.
Ertzaintzak atxilotu egin du ustezko hiltzailea, Ramon y Cajal kaleko etxean bertan. Antza denez, batek (43 urte) sastada bat eman dio besteari (40 urte), ustezko erasotzailea biktimaren eta bikotekidearen arteko liskarra baretzen saiatu denean. Elkarrekin bizi ziren hirurak.
Biktimaren gorpua Auzitegi Medikuntzako Zerbitzura eraman dute, autopsia egin diezaioten. Atxilotua, aldiz, polizia-etxera eraman dute, epailearen aurrera eraman aurretik egin beharreko izapideak bideratzera.
Emakumea haurdun dago, eta ospitalera eraman behar izan dute, shock egoeran.
Erditzear zegoela pentsatzen zuten
Santurtziko eraikineko bizilagunek entzun egin omen dituzte biktimaren bikotekidearen oihuak, baina "erditzen hasia zela" pentsatu dute.
Gainera, hiruetako inork ez duela "liskarrik eragin", eta guztiak "oso adeitsuak eta atseginak" zirela azpimarratu dute.
Udalaren gaitzespena
Santurtziko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak gertaera aho batez gaitzetsi du.
Horrez gain, osteguneko osoko bilkura minutu bateko isilunearekin hastea ere adostu dute taldeek.
Adostutako dokumentuan, Udalaren “samina” adierazi dute Santurtziko taldeek.