Gizartea -
Epaiketaren amaiera
Fiskaltzak Kukutzako 23 auzipetuen kontrako zigor eskariari eutsi dio
Epaiketa ebazpenaren zain geratu da. Defentsak azaldu duenez, jabeak ez zuen eraikina berreskuratzeko interesik erakutsi epaileari jendez husteko eskatu zion arte.
Erredakzioa
Fiskaltzak Kukutzaren okupazioaren arduraduntzat jotzen dituen 23 lagunen kontrako akusazioari eutsi dio epaiketaren azken saioan, asanblada batean erabakita, desalojoa galarazteko aukeratuak izan zirelakoan.
Fiskaltzak epaiketan adierazi duenez, erabakian parte hartu zuten guztiak dira okupazioaren arduradunak, baina 23 bakarrik epaitu dituzte eraikina jendez hustu zuten eguneko "argazki finkoan" azaltzen zirelako.
Ministerio Publikoak 960 euroko isuna eskatu du auzipetuentzat, eta horietako bati hiru urte eta egun bateko zigorra ezartzea eskatu du, istiluetan hormigoi puska bat Ertzaintzari jaurtitzeagatik, nahiz eta ez zien eman.
Gomazko pilotakada batek zauritu zuelako identifikatu omen zuten auzipetua, ertzain batek jaurti baitzion pilotakada ustez hormigoi puska jaurti zuenari.
Gainera, jabea 1999 eta 2011 artean eraikina berreskuratzen behin baino gehiagotan saiatu zela azpimarratu du Fiskaltzak, eta zergak eta asegurua ordaindu zituela. Horren aurrean, Kukutzak ez omen zion enpresari baimena eskatu eta "ez zuen beste eraiki batera joatea planteatu ere egin".
Defentsa
Defentsa abokatuek, ordea, justu kontrakoan oinarritu dute absoluzio eskaria. Defentsaren arabera, Cabisak ez zuen eraikina berreskuratzeko asmorik agertu 1999 eta 2011 artean. Horregatik, okupazioa "onartzen" zuela pentsatu zuten.
Gainera, auzia zibila dela eta ez penala berretsi dute. Horren harira, Cabisak zigor salaketa bat jartzea "higiezinen espekulazioaren testuinguruan" kokatu beharra dagoela adierazi du, "desalojoa eta eraispena lortzeko".
Azpimarratu dutenez, eraikina bota eta hiru urtera, orubeak hutsik eta bertan lanik egin gabe jarraitzen du.
Agintarien kontrako atentatuagatik auzipetutako gaztearen kasuan, abokatuak esan du eraikina lapurtzea soilik leporatzen diotela eta, ondorioz, "akats" hori baliatuta, akusazioa bertan behera uztea eskatuko duela.
Gainera, bera auziperatzeko froga "bakarra" pilotakada bat jaso izana zela kritikatu du.