Gizartea -

Hotza Euskal Herria

Denboralea urrunduz doa, baina abisu horia da asteartera arte

Eusko Jaurlaritzak neguko bide plana bertan behera utzi du, elur denboralea arindu eta eta baldintza meteorologikoak hobetu direlako. Errepideak normaltasunera itzultzen ari dira pixkanaka.

Errepidea, Zoirdia parean, atzo. Irudia: Javier Legaz Pozueta
Errepidea, Zoirdia parean, atzo. Irudia: Javier Legaz Pozueta
Gasteizeko hainbat kaletan oztopoak daude ibiltzeko

1:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko astean Euskal Herrira etorritako denboralea urruntzen hasia da eta, horrezkero, errepideak eta sarbideak normaltasunera bueltatzen ari dira, poliki-poliki.

Behin amaitutzat eman direnean elurragatik ezarritako abisuak eta alertak, prezipitazioak ere aldendu dira, soilik hotz handiagatik ezarritako abisu horiak utzita (astearteko 10:00ak arte).

Ildo beretik, denboralea igarota, ez dago inolako arazorik errepide sare nagusian, baina Arabako eta Nafarroako zenbait mendate itxita jarraitzen dute, aurreko egunetan botatako elurragatik eta hotzak eragindako izotzagatik.

Mendateak

Kurtzetako eta Opakuako mendate arabarrak ireki dituzte osorik, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. Urruñakoa eta Zaldiarangoa, berriz, itxita mantentzen dituzte bertan elurra edo izotza dagoelako.

Herrerako mendatean autoek kateak behar dituzte, eta kamioiek debekatuta dute bertatik igarotzea.

Gainerako errepideak zabalik daude, baina zuhurtziaz gidatzeko gomendatu du Segurtasun Sailak, izotz-plakak baitaude.

Nafarroan, Araban baino gehiago dira aurreko egunetako elurteek eragindako mozketak. Honatx zirkulazioa etenda duten errepideak:

NA-138 Iruñea eta Aldude lotzen dituen errepidean, 21. kilometroaren parean, errepidean elurra eta elur-jausiak izateko arriskuagatik itxita; NA-140 Auritz-Izaba artekoa, 43. kilometroaren parean, errepidean elurra dagoelako; NA-137 Burgi- Izaba-Frantzia 47 kilometroaren parean, errepidean elurra dagoelako; NA-012 Otsagabia-Irati 0 km-an, errepidean elurra dagoelako, NA-2000 Izaba-Zuriza 0 km-an, errepidean elurra; NA-2011 Zaraitzu-Frantzia, 6. kilometroaren parean, errepidean elurra dagoelako eta NA-2012 Otsagabia-Irati 8. kilometroaren parean, errepidean elurra.

Errepidea berriz zabalik Castejonen

N-113 errepidea (iruña-Madril) berriz ere zabaldu zuten atzo, igandea, Castejon parean (75-77 kilometroen artean), aurreko igandean itxi eta gero, Ebro ibaiak gainezka egin zuelako.

Edonola ere, eta izotza plakak egiteko arriskua dela eta (tenperatura baxuengatik), gidariei arreta handiaz gidatzeko eskatu diete Nafarroako agintariek. Gainera, errepidera ibilgailu pribatuan ateratzekotan, zirkulazioaren egoera kontsultatzeko eskatu dute bidaia egin baino lehen, bai Gobernuaren web atarian, baita 848 42 35 00 telefonoan ere.

Errepidearen egoera Erronkarin, otsailaren 8an. Irudia: Alfonso Alastuey

Errepidearen egoera Erronkarin, otsailaren 8an. Irudia: Alfonso Alastuey

Neguko bide plana, bertan behera

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak neguko bide plana bertan behera utzi du, elur denboralea arindu eta eta baldintza meteorologikoak hobetu direlako.

Horrenbestez, foru aldundiekin abian jarritako koordinazio organoa desegin egingo da; hala ere, Ertzaintzak berri eman duenez, elurra kentzeko hainbat baliabide egoeraren eboluzioaren esperoan daude.

Elurra teilatu, teilatu-hegal eta erlaitzetan

Gasteizko Suhiltzaileak azken egunotan teilatu, teilatu-hegal eta erlaitzetan pilatutako elurra kentzeko lanetan ari dira, baita sortutako izotz-burruntziak ere.

Udaletik jakinarazi dutenez, aurreko asteazkenetik, suhiltzaileek 130 alditan atera behar izan dira lan hori egiteko, horietatik 80 larunbatean.

Teilatuetan pilatutako elurra erlaitzetara mugitu da izotz geruza bihurtuta, kasu askotan, eta errepide eta espaloira jausteko arriskua dago.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan EAE Denboraleak bideoak