Gizartea -

Tafalla

Sei hilabeteko itxialdia ezarri diete Tafallako bi atxilotuei

Epaileak beste hiru hilabetez luzatu ahal izango du gaur hartutako kautelazko neurria.

Hildakoaren sendiari babesa emateko eta dolua agertzeko bilkura egin zuten Tafallan. Argazkia: EFE
Hildakoaren sendiari babesa emateko eta dolua agertzeko bilkura egin zuten Tafallan. Argazkia: EFE
Sei hilabeteko itxialdia Tafallan atxilotutako bi mutilentzat

1:05

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñeko Adingabekoen Epaitegiko epaileak sei hilabeteko itxialdia ezarri die, Tafallan, liskar baten ondorioz, hildako 16 urteko gaztearen heriotzarekin zerikusia dutelakoan atxilotutako bi adingabeei. Epaileak beste hiru hilabetez luzatu ahal izango du gaur hartutako kautelazko neurria.

Hildakoa oso larri zauritu zen Tafallan astelehen arratsaldean gertaturiko borroka batean eta astearte goizean hil zen Nafarroako Ospitalean.

Epaileak bere autoan adierazi duenez, 15 eta 16 urteko atxilotuei leporatzen zaizkien ekintzak homizidio delitua izan daitezke. Ildo horretan, gertaerak sortutako "alarma soziala" aipatu du itxialdia justifikatzeko.

Dokumentuan irakur daitekeenez, Tafallako Gazteen Etxean eztabaida bat izan zen eta, ondoren, bi atxilotuak eta hildakoak Kale Nagusira atera ziren.

Inguruko kalezulo batean, gazteek biktima kolpatu zuten, hura lurrera botaz, oharraren arabera.

Erorikoaren ondorioz, biktimak kolpe gogorra hartu zuen lurraren kontra, beti ere autoaren arabera, eta konorterik gabe gelditu zen. Ordu gutxira, ospitalean hil zen kolpeek eragindako lesio gogorren eraginez.

Bi adingabeak Ilundaingo zentro itxian bete beharko dute ezarritako kautelazko neurria.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Nafarroan Tafalla albisteak