Gizartea -
Azpiegiturak
GI-632 errepideko Antzuola-Bergara tarteko lanak, etenda
Lanen kontratua etetea erabaki du Gipuzkoako Aldundiak, izandako arazo geologikoek proiektu berri bat egitea eskatzen baitute. Kontratua eteteko prozedura datorren astean hasiko du foru erakundeak.
Erredakzioa
GI-634 errepideko Antzuola eta Bergara arteko lanen kontratua etetea erabaki du Gipuzkoako Foru Aldundiak, izandako arazo geologikoek proiektu berri bat egitea eskatzen baitute. Kontratua eteteko prozedura datorren astean hasiko du foru erakundeak.
Antzuola eta Bergara arteko tartean dauden zubibide edo biaduktuak bukatzear daude; bost dira guztira, bide onetik doaz, eta epea betez amaituko dira.
Orain arteko Aldi Baterako Enpresa Batasunak bukatuko ditu, baina, zubibideak garaiz amaituko diren arren, ezpondetan eta bestelako lurretan izandako arazo geologikoen ondorioz, teknikariek hilabeteak daramatzate arazoari aterabidea eman nahian, eta egokiena proiektu berri bat egitea dela erabaki dute azkenean.
Luiziak
Azken hilabeteetan obraren egoera, luiziak eta konponbiderako aukerak aztertzen aritu dira Aldundiko zein asistentziako teknikariak. Teknikari horiek egindako azterketek erakutsi dute onartutako proiektua ez zela egokia eremu horretan errepidea eraikitzeko, eta beste proiektu egokiago bat egin behar dela ondorioztatu dute.
"Ez da egoki ikusi onartutako proiektua aldatzen eta aldatzen jarraitzea, inolako bermerik gabe, eta hobe ikusi da proiektu berri bat egitea", azaldu du foru erakundeak.
Hori dela eta, Gipuzkoako Aldundiak erabaki du obra honen kontratua etetea. Hala, enpresak zubibideak bukatuko ditu eta, ondoren, obratik alde egingo du.
Bitartean, foru erakundeak beste proiektu egokiago bat landu eta lehiaketara aterako du, lehiaketa irabazten duenak egin dezan. Erabaki honen ondorioz, kontratua eta lanak etengo dira laster, eta proiektu berria onartu eta esleitu ondoren, lanak urte bukaeran berriro hastea espero da.
35 milioi
Orain arte egindako lanengatik enpresa eraikitzaileari 35 milioi euro ordainduko dizkio Aldundiak, hau da, indarrean dagoen aurrekontuaren (49,6 milioikoa) % 67,5. Milioi horietatik kalte-ordaina 400.000 euro ingurukoa da, eta gainerakoa orain arte egindako lanengatik ordainduko zaie.
Gaur egun, Kontratu Publikoen Legeak ez du baimentzen onartutako proiektuaren eta gauzatutakoaren arteko aldea % 10 baino gehiago izatea, eta proiektuan egin beharreko aldaketek kopuru hori gainditzea eragingo luketenez, kostu gehigarriak egin aurretik, kontratua etetea erabaki du.
Antzuola-Bergara tartean arazoak izan diren arren, Urretxu eta Antzuola arteko zatia primeran doa, eta martxoaren bukaeran zabalik izango da; beraz, erabiltzaileek Deskargako tunelaren bidez gainditu ahal izango dute mendate horren zati handi bat. Errepide zati hori ezarritako epe barruan irekiko da, eta hori azpimarratzeko modukoa da, Gipuzkoan azken hamar urteetan egindako errepidetako obra nagusiek batez beste 18 hilabeteko atzerapena izan baitute.