Gizartea -
Getxo
Bikotekidea indarrez autoan sartu eta ondoren etxe batean atxiki du
Bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak, ustezko egilea eta haren kolaboratzailea. Antza, Bilbon neska autoan sartu eta Getxoko etxebizitza bateraino eraman zuen.
Erredakzioa
Getxoko Ertzain-etxeko zenbait agentek 30 urteko pertsona bat atxilotu dute gaur, larunbata, goizaldean, bikotekidea legez kontra atxikitzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldu duenez.
Atxilotutakoak neska autoan sartu du indarrez, Bilboko kale batean, eta ondoren Getxoko etxebizitza batera eraman, antza denez, borondatearen kontra atxikita izanda. Gainera, 26 urteko beste gazte bat ere atxilotu dute, kolaboratzaile lanak egin dituelakoan.
Gertaera atzo, ostirala, 220:00etan jazo zen. Ertzaintzak abisu bat jaso zuen, gizonezko batek Perez Galdos kalean zegoen emakume bat auto batean indarrez sartu zuelako. Ondoren, abisuaren arabera, autoak berehala alde egin zuen.
Informazioaren berri izan eta gero, ertzainek jakin zuten autoa Getxoko bizilagun bati zegokiola. Hortaz, polizia-auto bat hara joan eta bertan zegoela konfirmatu zuen, etxebizitza baten ondoan. Gainera, etxean pertsonaren bat zegoela baieztatu zuten agenteek.
Ertzainek zenbait aldiz eskatu zuten atea irekitzeko, gertatutakoa argitzeko, baina barruan zeuden pertsonek ez zuten kasurik egin.
Egoera horretan, Ertzaintzaren Ekintza Taldeak etxebizitzara jo zuen, barruan sartu ahal izateko. Azkenik, biktima eta bi gizonezko topatu zituzten barruan.
Emakumearen esanetan, bikotekideak indarrez eraman zuen etxebizitzaraino, eta atxikita mantentzen zuen, beste pertsonaren laguntzarekin.
Hori dela eta, biak atxilotu zituzten eta emakumea Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Momentuz, Ertzaintzak ikerketa zabalik mantendu du, nondik norakoak argitzeko.