Gizartea -
2014ko datuak
Positibo gehiago droga kontroletan, alkohol probetan baino
Gidarien % 19,2k eman zuten positibo droga kontroletan, eta % 3,2k, alkohol probetan.
Erredakzioa
Ertzaintzak 3.635 droga kontrol egin zituen iaz EAEko errepideetan, eta gidarien % 19,2k eman zuten positibo. Alkoholemia probetan askoz arau-hauste gutxiago atzeman zuen Ertzaintzak, alkoholemia probetan gidarien % 3,2k eman baitzuen positibo.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 2014ko alkohol eta droga kontrolen balantzea publikatu du gaur. Orotara, 100.038 gidariri egin zizkieten proba horiek.
Hain zuzen ere, Ertzaintzak 96.403 alkoholemia kontrol egin zituen iaz, eta 3.176 probatan (% 3,2) eman zuten positibo. Probetako 86.899 zoriz egin zituzten, eta gainerako 9.504ak, aldiz, kanpainen baitan.
Nolanahi ere, positibo gehienak (% 92,7) istripu baten ostean egindako probetan atzeman zituzten.
Drogen kasuan, 3.635 kontrol egin zituzten. Horietako 3.089 zorizkoak izan ziren, eta 546, kanpainen barnekoak.
Droga kontrol gehienak (% 88) gizonei egin zizkieten, 25 eta 44 urte artekoei bereziki (% 64), eta kalamua eta kokaina izan ziren gehien kontsumitutako drogak.
Alkoholaren eta drogaren eraginpean gidatzeagatik jaso daitekeen isuna 1.000 euro artekoa izan daiteke. Gainera, delitu ere izan daiteke, eta hiru eta sei hilabete arteko espetxe-zigorra ekar dezake.