Gizartea -
Emakumeen aurkako indarkeria
Emakume bati sexu erasoa egin diote Gasteizen
Ertzaintzak biktima bizi den etxebizitzaren jabea atxilotu du, erasotzailea delakoan.
Erredakzioa
Emakume bati sexu erasoa egin zioten atzo Gasteizen, eta Ertzaintzak biktima bizi den etxebizitzaren jabea, 53 urteko gizonezko bat, atxilotu du, erasotzailea delakoan. Hain zuzen ere, etxebizitzaren logela bat alokatu zion gizonak andreari.
Atzo goizean, emakumezko batek Ertzaintzari deitu zion, sexu eraso bat salatzeko. Emakumeak azaldu zuenez, gizonezkoa irainka eta mehatxuka hasi zitzaion, etxeko atea giltzaz itxi zuen, ihes egitea galarazteko, eta, ondoren, andrea hormaren kontra jarri zuen eta ukituak egin zizkion. Biktimak alde egin bezain pronto deitu zion Ertzaintzari.
Gertatutakoaren berri izan eta gero, Ertzaintzak ustezko erasotzailea atxilotu, eta polizia-etxera eraman zuen. Datozen orduotan utziko dute epailearen esku, Segurtasun Sailetik zehaztu dutenez.