Gizartea -
Kalamua
Gaur hasiko da Bilbon Pannagh kalamu elkartearen aurkako epaiketa
Fiskalak 22 urteko espetxe zigorrak eskatuko ditu orotara. Auzipetuetako bat Martin Barriuso, elkarteko presidentea, da.
Erredakzioa
Bizkaiko Lurralde Auzitegiak hasiera emango dio gaur Pannagh kalamu elkarteko bost kideren aurkako epaiketari. Fiskaltzak 22 urteko espetxe zigorrak eta 2 milioi eta erdi euroko isunak eskatuko ditu orotara horientzat, droga-trafikoa egotzita.
Bilboko Udaltzaingoak elkartearen egoitza itxi eta hiru urtera etorriko da gaur epaiketa. 10:00etan hasiko da, eta bi egun iraungo du.
Hain zuzen ere, hauek dira auzipetutakoak: Martin Barriuso presidentea, Igor Gaminde diruzaina, idazkaria eta kalamua landatzen lan egiten zuten bi pertsona.
Pannagh 2003an sortu zuten, irabazi asmorik gabeko elkarte bezala. Elkartearen beraren hitzetan, adin nagusiak diren kalamu erabiltzaileek osatzen zuten, eta horren helburua zen merkatu beltza saihestea eta kalamuaren arriskuak prebenitzea.
Gainera, elkartea osatzen zuten 70 pertsonetako 39k erabilera terapeutikoa ematen zioten kalamuari, gehienbat kimioterapiaren ondorioei aurre egiteko. Horren ildotik, Pannaghek lankidetza akordioa zuen bularreko minbizia duten pertsonen elkartearekin.
Hornikuntza bermatzeko, Pannaghek lur-sail itxiak landatzen zituen, baina auzitegiek legez kanpokotzat jo zituzten.
Hala ere, aurretik elkarteko kideen aurkako auziak artxibatu egin dituzte hainbat epaitan, tartean Bizkaiko eta Arabako lurralde auzitegietan, eta, are gehiago, bitan itzuli egin zieten atzemandako kalamu kopurua.
Kalamu Elkarteen Federazioak (FAC) babesa agertuko die gaur auzipetuei.