Gizartea -
Diru-laguntzak
Bigarren umea duten familien % 65ek 300 euro gehiago jasoko dituzte
Bestalde, lehen seme-alaba dutenentzako laguntzak mantentzen ditu dekretuak. Familien diru-sarreren arabera, 400 eta 900 euro artekoak izango dira.
Erredakzioa
Seme-alaba bakoitzeko diru-laguntzak arautzen dituen dekretuaren aldaketak datorren asteartean onartuko ditu Eusko Jaurlaritzak, Anjel Toña Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburuak gaur iragarri duenez. Toñaren arabera, bigarren umea duten familien % 65ek 300 euro gehiago jasoko dituzte.
Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidenteak Gizarte Politikarako sailburuari galdera egin dio kontrol saioan. Quirogaren hitzetan, familiei laguntzeko politiken aldaketa “atzerapauso bat” da, errentaren arabera banatuko direlako. Hori diru-laguntzen “izaera unibertsalaren” aurka doala deitoratu du PPko ordezkariak.
Dekretuak “errentarik baxuenei mesede” egingo diela azaldu du Toñak, ostera. Dekretuak errenta estandarizatuaren kontzeptua barneratuko du. Errenta altuenen diru-laguntzak murriztuko ditu, sailburuak onartu duenez.
“Seme-alabarengatik diru-laguntza jasotzeko eskubidea ez du inork galduko”, azpimarratu du sailburuak. Aurreneko seme-alaba duten onuradunen % 55ek 900 euro jasoko dituztela uste du Toñak.
Hirugarren umeen kasuan, familien % 75ek gehienezkoa kobratuko dute, zehaztu duenez.
Laguntzak diru-sarreren arabera
Bestalde, lehen seme-alaba dutenentzako laguntzak mantentzen ditu dekretuak. Familien diru-sarreren arabera, 400 eta 900 euro artekoak izango dira, eta bigarren umetik aurrerako baremoak aldatuko dituzte.
Bigarren umetik aurrera, 20.000 euro baino gutxiagoko errenta dutenek 1.800 euro (orain arte baino 300 gehiago) jasoko dituzte, 20.000-30.000 euroko irabaziak dituztenek 1.000 euroko (500 gutxiago) diru-laguntza izango dute eta 31.000 euro baino gehiagoko errenta duten gurasoek 800 euroko (700 gutxiago) laguntza kobratuko dute.
Hirugarren eta ondorengo seme-alaben kasuan, errentarik baxuenek zenbatekoa mantenduko dute (900 euro) eta 20.000-30.000 euro arteko errentena 500 eurora murriztuko dute (600 euro gutxiago), eta baita 30.000 euro baino gehiagoko errenta dutenena ere, 400 euro (700 euro gutxiago).
Zentzu horretan, bigarren seme-alaba dutenei eta errenta baxuenei mesede egingo die dekretuak.